Atez atekoa Osoko Bilkurara

Udal txinpartak

Zertarako nahi dugu Udala, ez bada bestelako herria eraikitzeko? Ez dezagun lorik hartu. Ez da nahikoa Udalean gehiengoa izatea eta atez atekoaren aldeko erabakia hartzea. Erabaki horrek herritarren babesa duela erakutsi behar dugu eta herritarrok inplikatu egin behar dugu sistemaren alde. Horregatik, oso garrantzitsua da datorren ostegunean, hilak 28, arratsaldeko 19:00etan Udaletxeko Aretoa guk betetzea. Osoko Bilkura horretan hondakin eta zaborrak jasotzeko Atez ateko sistemaren aldeko mozioa eztabaidatu eta onartuko da.

Udala eta BILDUk hondakinen auzia eta Atez ateko sistemaren aldeko informazio kanpaina ardura, tentu eta errespetu osoz egin dute. Udalarekin batera, Zero Zabor taldetxoa ere aritu da herrian informazioa zabaltzen. Hala ere, aitortu beharrean gaude herrian ez dela Atez atekoaren aldekoen eta ezker abertzalearen aldetik behar adinako tentsiorik izan.

Aitzitik, PNV eta PSE-EEk ondo koordinatuta eta pentsatuta ari dira egiten atez atekoaren aurkako kanpaina. Hasteko, alderdi horiek prentsa eta buletinen bidez beren jarrerak agertu zituzten. Segidan, hainbat kartel jarri zituzten informazioa manipulatuz eta gezurrak eta mamuak zabalduz. Segidan, herrian mugimendu ez-politiko baten itxura eginez sinadurak biltzeari ekin zioten, herrian kontzentrazio oso jendetsua ospatu eta PNVk eta PSE-EEk antolatutako hitzaldia eman Barrenan. Horrekin batera, Gipuzkoa mailako PNV-PSOE-PP batasuna eman da, eta hainbat komunikabideren laguntza lotsagarria izan dute. 

Ezin dugu errealitate horren aurrean begiak itxi. Eta ezin dugu lasaikerian erori. Ez da nahikoa atez ateko sistema ezartzeko arrazoiak izatea, ez eta Udalean gehiengoa izatea ere. Izan ere, agian Udala gure esku izateak eragin du erlaxatuta, tentsio ideologiko eta mobilizazio aldetik flojo samar ibiltzea. Instituzioa gure esku, borroka ideologikoan eta mobilizazioetan ez dugu behar adinako indarrik jarri. 

Borroka honek oso luze joko du, baina asalto guztiak dira garrantzitsu eta ezker abertzaleak hortxe egon behar du guztietan. Gobernuan egonagatik, ez dugu oposizioan egonda erakusten genuen baina nerbio gutxiago izango, ala?

Hasteko gure alkate eta zinegotziek herriaren babesa eta indarra sumatu behar dute osteguneko Osoko Bilkuran. Eta segidan, batzarretan eta prozesu parte hartzailean subjektu aktibo izan behar dugu. Asko dugu jokoan. Egin dezagun ondo.