Udalak Atez atekoa onartuta, jarrai dezagun ongi egiten

Udal txinpartak

Ekainaren 29ko Osoko Bilkuran Udalak Atez atekoa ezartzea erabaki zuen. Erabaki zuzena, zalantzarik gabe. Ondo egina, zalantzarik gabe. Orain, Udalak, herritarrok eta gaikako bilketa horren alde egiten dugun alderdiok ere ondo egiten jarraitu behar dugu.

Auzi honek izan duen bilakaeraren inguruan, hainbat hausnarketa egin nahi ditugu:

1.- Ikasgai garrantzitsu bat:

Erakundeetako lana, konfrontazio ideologikoa eta herritarren mobilizazioa elkarren osagarri dira. Atez atekoaren sistema ezartzea gizarte eraldaketa eta eraikuntza nazionalean jarraitu beharreko bidearen ariketa praktiko interesgarria da. Egitasmo berrien eta alternatiben inguruan diskurtso ideologikoa antolatu eta zabaldu dugu. Herritarrak mobilizatu ditugu. Eta erakundeen bidez egitasmoak gauzatzen ari gara. Hiru horiek bestelako gizarte eredua eraikitzeko tresna ezinbesteko eta osagarriak dira. Baina agian denetan ez gara behar bezain fin ibili. Horren inguruan hausnartu eta aurrera begirako zuzenketak egin beharko ditugu.

2.- Herritarrok eta Udalak abiapuntu eta helburu berberak.

Herritarren kezka ulergarria da halako aldaketa baten aurrean. Haiekin Udalak beti jokatu behar du errespetu osoz, parte hartzea bultzatuz, zalantzak argituz, kontzientziatuz, lan pedagogikoa eginez eta baliabideak jarriz. Hondakinen auzian, herritar guztiok eta Udalak abiapuntuan eta helburuetan bat egiten badugu (zaborren arazoa herritarrona da eta helburuak izan behar du ahalik eta gehien birziklatu eta konpostatzea), ez du zertan arazorik egon. Diseina eta ezar dezagun horretarako sistema ahalik eta egokien eta erosoena guztion artean.

3.- PNV-PSOEk eta Udalak helburu kontrajarriak.

PNV eta PSOEren benetako helburuak ez dira herritarrenak eta Udalarenak. Auzia manipulatu eta erabiltzen ari dira etekin politikoa ateratzeko, nahiz eta horretarako gezurrak zabaldu eta ordiziarrak zatitu. Santamariaren hauteskunde kanpainako “ellos” o “nosotros” hura berbera. Gauzak dauden bezala, Udal Gobernuak eta bera osatzen duten alderdiek ez lukete inolako zalantzarik izan behar hauekin konfrontazio politikoa izateko.

4.- PNV-PSOErentzat herritarrak inozoak dira.

Udalaren egitasmo jakin baten aurrean zalantza duen herritar oro beren boto emaile bihurtu nahi dute. Bada, kontuz ibil daitezela, ageriegi ari baita geratzen PP-PSOE-PNV batasunak helburu elektorala besterik ez duela, eta ez diola erantzuten herritarren beharrei.

5.- PNV eta PSOE “kontrapartidak” banatzen jarraitzen dute.

PSOEko Denis Itxasok Ordizian emandako hitzaldian aitortu zuen hasieran errauskailuaren aurka bazeuden ere, onartu egin zutela PNVrekin “kontrapartidak” negoziatu zituztelako, nahiz eta ez esan zeintzuk. Orain, BILDU ez delarik halako negozio eta txantxuiloetan sartzen, berriro PNVrekin adostea erabaki dute. Hauteskunde autonomikoen bezperan egonik, zein “kontrapartida” negoziatu ote dute PNVk eta PSOEk? Eta Ordizian bertan?

6.-Santamaria eta Dubreuilen begiradak hitzak baino argiagoak.

Osoko Bilkuran Igor Eguren alkateak bere azalpena bukatu zuen batean, debatea irekitzeko hitza eskaini zien Santamaria eta Dubreuili. Hauek elkarri begiratu zioten. Begiradarekin “Zer?”cgaldetu. Eta elkarri buruarekin ezetz esan zioten. Alegia, ez zutela egitasmoak eta argudioak kontrastatzeko eztabaida publikorik nahi, nahiago zutela orain artean bezala azpijokoan aritu

Eta ziur azpijokoan jarraituko dutela, ez dute eta beste zereginik. Guk gure aldetik, gogorarazi nahi dugu hasieran bertan esandakoa: Udalak gauzak ondo egiten jarraitzeko herritarron eta bereziki ezker abertzalearen parte hartzea, bultzada, kontrola, babesa, kritika… behar ditu. Gure esku dago ondo egiten jarraitzea.

Azken oharra: izugarri garrantzitsua eta eskertzekoa izan zen Osoko Bilkuran alkate eta zinegotziek aretoa betetzen zuten herritarren babesa eta txalo zaparrada jasotzea. Bete dezagun beti gurea izan den leloa: Herria Udalera, Udala herrira.