Ordiziarrock 2012, musikaz blai udazkena girotzeko

Ordizian bertan

 

Urriaren 8tik 20ra ospatuko da aurtengo Ordiziarrock, nahiz eta 17tik 20ra izango diren ekintza eta emanaldi nagusiak. Aurtengoan, azpimarratzeko modukoak dira kale bazterretan izango diren kontzertuak, eta antolatzaileek osatu duten kartela (Eraso, Governors, Anai Arrebak...).

 

 

Inoiz baino indartsuago datorkigu Ordiziarrock (kartela, osorik). Inoiz antolatu duten Ordiziarrock handiena dela esan daiteke, egitarau zabala bezain kalitatezkoa ikusita.

Hasteko, urriaren 8tik 19ra, Emarock izeneko argazki-erakusketa egongo da Barrena Kultur Etxean ikusgai. Euskal Herriko rock mugimenduan emakumeek izan duten presentzia eta protagonismoa ezagutzeko aukera paregabea izango da. Argazkiez gain, izen bereko dokumentala ere egongo da ikusgai, urriaren 17an, 18:00etan, Barrenan. Asteazkena izanik, pintxo-potearekin uztartzeko moduko plana.

Asteazken horretan hasi eta igande goizaldera arte, musikan murgilduko da Ordizia. Hala, ostegunean, urriaren 18an, Combo Jazz eta Barikuan taldeek kontzertua emango dute D'Elikatuz zentroan. Kontzertuak 18:30ean hasiko dira.

Asteburuan kaleko eta frontoiko kontzertuen txanda izango da. Ostiralean, Frontoiko eskenatokia musika jamaikarraz bustiko da. De Jamaica al mundo-ren kontzertuaren bitartez, Jamaikako musikaren historia ezagutuko dugu. Emanaldi didaktiko hori 19:00etan hasiko da, frontoian.

Gero, afalondoan, 23:00etatik aurrera, Big Band, Limando eta Starblues taldeen txanda izango da.

Larunbatean, urriaren 20an, Ordiziarrock jaialdia puntu gorenera iritsiko da. Arratsaldean kontzertuak egongo dira alde zaharreko kaleetan zehar. 19:00etan Bolkete taldeak ekingo die musika emanaldiei, Herriko parean. 20:00etan Kail taldeak barrenako plazan joko du eta Orangutan Swimmingek Txindoki taberna ondoan. Kaleko azken emanaldia 21:00etan izango da, Herriko tabernaren parean, Zutik Dirau taldearen eskutik.

22:30etan, berriz, Euskal Herriko talde ezagunek hartuko dute frontoiko agertokia. Bertan arituko dira The Glasses Crew, Anai Arrebak, Eraso! eta Governors.

Talde horien emanaldiekin batera amaituko da Ordiziarrock 2012. Ondo pasa!