Ordizia biltzetik EH biltzera

Egoera politikoa

Pasa den larunbatean, hilak 29, EH Bilduk bere programaren berri eman zuen Ordizian. Ezker Abertzaleko Julen Agirrek, EAko Belen Maizak eta Aralerreko Mikel Leunda ordiziarrek hauteskunde hauen garrantziaz eta EH Bilduren konpromisoez eta programaz aritu ziren. Ekitaldiren amaieran, aurkezle lanak egin zituen Aitzol Asurmendik honako galdera hau eginzien bertaratu ziren ehun bat lagunei: Zer AUKERA dugu HERRITARROK SOLUZIOAK bultzatzeko? Erantzuna: besteak beste, urriaren 21ean ahalik eta EH Bilduren aldeko boto gehien eramatea boto kutxetara.

 

 

EH Bilduren aurkezpen ekitaldian hiru galderen inguruan jardun ziren EH Bilduren ordezkariak. Hona hemen galdera horiek eta emandako erantzunen laburpena:

1.GALDERA: Berriz ere hauteskunde batzuen aurrean gaude, Oraingoan, Eusko Legebiltzarra osatzeko hauteskundeak. EH Bildu osatzen duzuen indarren ustez, hauteskunde hauek garrantzia berezia dute. Zergatik?

Espainiar estatuan “transizioa” deitutakoa eman zenetik, hainbat eta hainbat hauteskunde ospatu dira. Lehena Konstituzioaren erreferenduma izan zen, eta historikoa izan zen euskaldunok emandako erantzuna: soilik hirutik batek babestu zuen. Orain ospatu behar diren hauteskundeetan ere emaitza historikoak lortuko ditugu. Abertzaleok Eusko Legebiltzarrean inoiz izan dugun ordezkaritzarik zabalena izango dugu. Eta aukera dugu ezkertiar eta subiranistok lehen indarra izateko. Beraz, hauteskunde hauen garrantzia azpimarratzeko lehen arrazoia da ezkertiar eta soberanistok diseinatutako estrategia indartzeko aukera paregabea dugula. Oraindik hazten eta biltzen jarraitu behar dugu.

Zertarako? Erakundeetatik eta botere instituzionaletik ere eraikuntza nazionalaren, eraldaketa sozialaren eta gatazkaren konponbidearen bidean eragiteko. Erakundeek tresna baliagarria izan behar du euskal gizarteak dituen eskubide eta behar nazional zein sozialei erantzuteko.

Bigarren arrazoia da Espainiarekin hautsi behar dugula. 1978an “Orden Konstituzionala” ezarri eta inposatu ziguten. Orain orden horrekin hausten hasteko beharra eta aukera ditugu. Hauteskunde hauek ospatzen dira espainiar estatuaren lurralde antolaketa eredua inoiz baino krisi handiagoan aurkitzen den momentuan. Bistakoa da krisi horren larritasuna bai Euskal Herrian eta baita Katalunian ere. Egoera honek arrisku larriak badakartza ere (zentralizazioan areagotzea, esaterako, oro har ekonomian eta berriki hezkuntzan ikusi dugun bezalaxe), aukera berriak irekiko dizkigu Espainiar estatuak zapaldutako nazioei soberanian aurrera egiteko.

Hirugarren arrazoia da hauteskunde hauek ekonomia eta gizarte eredu kapitalistaren krisi sakonaren garaian ospatzen direla. EH Bilduk alternatibak eta soluzio argiak ditu krisiari aurre egiteko, fiskalitatearen arloan, zerbitzu publikoen arloan, lan merkatu eta harremanen arloan… Eta badugu horiek aurrera eramateko behar adinako gaitasuna duen ekipoa eta masa soziala.

Laugarren arrazoia da gatazkaren konponbide demokratikoan aurrera egiteko aukera paregabea dugula gaur egun. Gernikako Akordioak, Aieteko Adierazpenak, ETA erakundearen erabakiak borroka armatua bertan behera uzteko… panorama politikoa aldatu dute erabat. Gu konponbidearekin konprometitu gara. Milaka herritar ere konprometitu da. Orain beharrezkoa da erakundeak ere konponbidearekin konprometitzea, aldebakarreko erabakietatik elkarrizketa eta akordioetara iristeko.

2. GALDERA: EH Bilduk hauteskundeetarako programa prestatzen hasi aurretik elkarlanaren oinarriak finkatu zenituzten. Horren ondoren, Gasteizeko Legebiltzarrerako Hauteskundeetarako zuen programa hainbat printzipio eta konpromisoren gainean prestatu duzue. Zeintzuk dira EH Bilduren egitasmoaren oinarrian dauden konpromisoak?

EH Bilduk hauteskundeetarako programa oinarri eta printzipio sendoen gainean eraiki du, ikuspegi estrategiko eta nazionalarekin. Gure konpromisoak honela labur daitezke:

Lehen konpromisoa bakearekin eta konponbidearekin, benetako bakeak konponbidea eskatzen duelako derrigor. Gatazkaren konponbiderako oinarriak izan  behar duela pertsona guztien eskubide guztiak eta Euskal Herriak nazio gisa dituen eskubideak bermatzea. Horretarako, Gernikako Akordioak eta Aieteko Adierazpenak jasotzen dituen konpromisoak eta ibilbide orria defendatuko ditugu esparru guztietan.

Bigarren konpromisoa justizia sozialarekin, justizia ez delako legeen administrazio hutsa, baizik eta legeak herritarren eskubide, berdintasun eta ongizatearen zerbitzura jartzea. Kapitalismoak epe laburreko etekin ekonomikoa

lortzeko eragin dituen harremanak bai gizakion artean, bai herrian artean, eta baita gizaki eta naturaren artean ere, jasanezinak dira. EH Bilduren alternatiba sozioekonomikoak konpromisoa du bazterketa sozialaren aurka eta eskubide sozialen alde. Horretarako kalitatezko sistema publikoaren eta ingurumenaren defentsa egingo dugu. Pertsona guztiek eskubide eta aukera berdinak izan ditzaten.

Hirugarren konpromisoa demokrazia parte hartzailearekin, herritarrak direlako abiapuntu eta helburu. Herritarrak, pertsonak, dira ekonomiaren, kulturaren, gizartearen… oinarria. Herrigintza eta eraldaketa soziala herritarrekin hasten da, eta erakundeek, beren politikak herritarrekin eta herritarrentzat egin behar dituzte. Horregatik, esku hartze aktiboa bultzatuko dugu.

Laugarren konpromisoa emakume eta gazteekin, oraindik ere gure gizartean beren eskubideak eta hitza zapaltzen direlako. Bi kolektibo horiek oraindik ez dute bizi eskubide osoak dituzten herritarren egoera. Gainera, egoera ekonomiko larriaren ondorioak are larriago jasaten dituztela. EH Bilduk bat egiten du feminismoarekin, eta gazteriari dagokionean, eraldaketa sozial eta politikoan subjektu izan behar duela pentsatzen dugu

Bosgarren konpromisoa euskararekin, gure identitatearen ardatz nagusia delako, Xalbadorrek esan zuen moduan, herria da gorputza, hizkuntza bihotza. Herritar eleanitzez osatutako Euskal Herria Euskalduna eraikitzea dugu helburu, euskaratik eta euskal kulturatik hasita eta hazita, mundura irekiko diren euskal herritarrak.

3. GALDERA: Konpromiso argiak, beraz, EH Bilduk hartu dituenak. Baina hain zuzen ere EH Bildu kritikatzen duten alderdiek programa errealik ez duzuela leporatzen dizuete. Ez duzuela, besteak beste, krisi ekonomikoari aurre egiteko programarik eta alternatibarik eta errealitatetik urrun bizi zaretela.

Gure programaren oinarrian bi ideia hauek ditugu. Lehena, Euskal Herriak burujabetza behar duela bere eredu propioa eraikitzeko. Eta bigarrena, ekonomia pertsonen zerbitzura jarri behar dugula, eta ez merkatuen zerbitzura. Gure programaren ardatzak honako hauek dira:

Politika sozialetan sektore publiko indartsu eta solidarioa bultzatuko dugu. Ahulak eta menpekoak babestu behar ditugu eta asistentzia sozialak unibertsala izan dadin neurriak hartuko ditugu.

• Fiskalitate eredu progresiboa ezarriko dugu, iruzur fiskalari aurre egin eta erakundeen gaineko zerga berrikusi.

• Bazterketa arriskuan daudenak babesteko eta gizartea kohesionatzeko sistema sendotuko dugu.

• Euskal banka publikoa bultzatuko dugu.

• Gizarte Zerbitzuetan mendekotasun-arazoetan laguntzeko euskal sistema sortuko dugu.

• Osasungintzan gertuko sistema doakoa eta kalitatezkoa bultzatuko dugu, behar adinako pertsonala eta formazioa ziurtatuz, itxarote zerrenden denbora gutxituz…

• Etxebizitzaren esparruan Etxebizitza Legea sortuko dugu, etxebizitza izateko eskubide unibertsala jasoko duena. Etxebide publiko egin eta alokairu sozialera bideratuko dugu.

Lanaren arloan, lana banatu eta lan eskubideak babestuko ditugu.

• Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eraikitzea bultzatuko dugu eta Gizarte segurantzaren eskumen osoa lortzeko lan egingo dugu.

• 35 orduko lan astea, errelebo kontratua, jubilazioa 65 urtetan, ETTak desagertzea…

• Sektore estrategikoen kontrol publikoa bultzatuko dugu, eta Euskal Herriko ehun produktiboan inbertitzea, deslokalizazioari aurka egitea, ERE direlakoak zorrotz jarraitzea.

Hezkuntzan haur hezkuntzatik hasita Unibertsitaterainoko gure sistema propio, kalitatezkoa eta publikoa, eta Euskal Herriaren curriculuma bultzatuko ditugu. Euskararen normalkuntzarako bidean politika berri eta eraginkorrak burutuko ditugu hezkuntzan murgiltze eredua ezarri; enplegu publikoan 2. perfila eskatu; komunikabideetan, enpresa munduan eta merkataritzan normalkuntza planak ezarri…

Lehen sektoreari dagokionean, elikagai soberaniaren aldeko politikak garatuko ditugu. Lurrari lotutako produkzio naturala eta kontsumo arduratsua bultzatuko ditugu. Era berean, belaunaldi berriak sektorera erakartzeko neurriak hartuko ditugu. Azpiegitura eta lurralde antolaketari dagokionean, AHTren moratoria bultzatuko dugu eta Pasaiako kanpo portuko asmoa baztertu; energia aurreztea, produkzio eredua jasangarriago izatea… bultzatuko ditugu.

Herritarren eskubide eta askatasunei dagokionean, herritar guztien askatasun eta eskubideak (giza eskubideak, eta eskubide zibil eta politikoak) bermatzeko neurri zehatzak hartuko ditugu. Baita gatazkaren ondorioak modu batera edo bestera jasan duten eta jasaten ari diren herritarrenak ere: biktimak, preso eta iheslariak… EHren desmilitarizazioa eta Ertzaintzaren erreforma bultzatuko ditugu.

Azalpen hauen ondoren, laugarren galdera bat ere egin dezakegu. Honako hau herritar bakoitzak bere buruari egitekoa:

ZEIN AUKERA DUGU HERRITARROK SOLUZIOAK BULTZATZEKO?

Garbi da herritarrok hainbat aukera izan ditzakegula herrigintzan, kulturgintzan, erakunde publikoetan zein sozialetan… parte hartuz. Baina era berean, eta ez dut erantzun erraz eta elektoralista hutsa eman nahi, botoa ematea ere horietako aukera bat da. Benetan konbentzituta bagaude botere eta eraginkortasun instituzionala ere eskuratu behar ditugula soluzioak bilatzeko, konbentzimendu horrek eraman behar gaitu hilaren 21ean botoen kutxetan ahalik eta EH Bilduren aldeko papertxo gehien pilatzera. Horretarako, ez da nahikoa gure botoa kutxaren zirrizkutik sartzea. Gure ingurukoen botoa ere ziurtatzeko lan egin behar dugu guk guztiok.