ETB eta… Albertoren gonbidatuak

Iritziak

 

Goizeko hamarrak edo izango ziren etxeko telebista piztu dudanean –ez da, inolaz ere, egunero egin ohi dudan zerbait, baina bideokamara eta hainbat kable lagun, eskolako hainbat grabazio pasatu nahi nituen DVD euskarrira–. Eta hara non ETB2ko tertulia batekin egin dudan topo!!! Aitzol Zubizarreta kazetari ezaguna moderatzaile lanetan, eta hiru gonbidatu (bi gizonezko –bat Correo Taldekoa– eta emakumezko bat) joan den asteburuko gertakari garrantzitsuenei "astindua"ematen ari ziren.

 

 

Saioa hasita zegoen nik telebista piztean, baina ni aurrean nintzela jorratu duten bigarren albisteak Venezuelara eraman gaitu: herrialdeko presidentzia lortzeko bezperan egindako hauteskundeak Hugo Chavez jarduneko presidenteak irabazi ditu, botuen % 55 eskuratuta, eta, ondorioz, bere agintaldia 2019ra arte luzatzea lortu; oposizioaren buru Henrike Caprilesek, berriz, % 44 erdietsi du. Bien arteko aldea 1.300.000 botokoa izan dela Internet bidez jakin ahal izan dut, Alberto Suriok zuzentzen duen kate horretako “gonbidatuen ahotik”, behintzat, ez baita atera!

Atera, atera… beste hainbat kontu atera dira, jendeari hausnarketa eragiteko “apropos askoak”, antza:

Bai, Chavezek garaipena lortu du, baina herrialdearen ia erdia kontra duela ez dezala ahaztu! Hauteskundez hauteskunde, gero eta aurkari gehiago ditu!

Chavezen politikak venezuelar gizartea hausturara darama (“fractura social” delako hori EAEko zein lehendakariri ari natzaio egunotan behin eta berriro entzuten?).

Ez dezagun ahaztu Hugo Chavez populista hutsa dela (Espainiako On Mariano Raxoik ez ote zituen 2011ko azaroko hauteskundeen aurreko hamabost egunetan mila eta bat promes egin… gerora inondik inora bete ez dituenak?).

Jakin dezala Chavezek venezuelar asko eta asko miseria gorrian bizi direla…

Caprilesek galdu, bai, baina gaztea da… eta hurrengoan, agian…

Bai, jaun-andreok, hiru gonbidatuak iritzi berekoak ziren: Hugo Rafael Chavez seme kuttuntzat izatetik oso urrun zeudela esan genezake, eta bezperako hauteskundeen emaitzen aurrean ezin zuten euren ezinegona ezkutatu, ezin zuten barneratu “showman” horrek – euren pentsakera bereko askok “pailazo” ere deitzen diote– planta oneko Henrikeri irabazi izana…

Nik, Suriok gonbidatu ez duen balizko laugarrena izatera, beste galdera batzuen bidez erantzungo nieke:

Zergatik irabazi ote ditu hauteskundeak hirugarren aldiz jarraian… oposizioaren esku dauden betiko komunikabide boteretsuenak (El Nacional, El Universal egunkariak…) beti kontra eta irainka izanda?

Zer dela eta eman diote boza edo botoa “populista” horri… miseria gorrian dauden hainbatek? Eta zergatik doakie hobeto orain, eta ez duela 13, 20 edo 40 urte? Gastu sozialera bideratutako dirua inguruko beste edozein herrialdetakoa baino handiagoa izan delako? Bost venezuelarretik batek pobreziatik ateratzea lortu duelako? Datu esanguratsuak ondorengoak, CEPAL (Comisión Económica Para América Latina y el Caribe) institutuak emanak: 1999an, Chavez Gobernura iristean, pobrezia % 49´4koa zen eta 2010ean % 27´8koa; muturreko pobreziari dagokionez, 1999an %21´7koa eta 2010ean % 10´7koa…

Nolako “izugarrikeriak” egin ote ditu gizon honek “Mendebaldeko” agintari gorenek Satanen ondorengotzat jo dezaten? Herrialdearen baliabide garrantzitsuena den petroliotik ateratako sos asko eta asko behar handiena duten herritarrengana bideratzeagatik, akaso? Analfabetismo-tasa 1999ko % 9´1etik 2011ko % 4´9ra jaistea lortzeagatik, agian?

2002ko apirilaren 11n “indar demokratikoak” Hugo Chavezi herriak eman zion boterea estatu-kolpe bidez kentzen saiatu ziren. Zergatik?

Azken galdera horri erreparatuz, ez dezagun ahaztu azken urteotan Madrilen hain ezaguna den EAJko Iñaki Anasagasti diputatuak hitz “interesgarri” askoak izan zituela 2002ko apiril hartan CIAk eta Eliza Katolikoak babesturiko militar kolpistek, Chavez preso hartuz, Pedro Carmona enpresaburuen nagusia agintera eraman zutenean. Gure Iñakik, jaiotzez venezuelarra izaki, eta bertako “euskal diaspora aberatsa” Chavezen kontrakoa dela jakinik, ez zuen inolako lotsarik izan apirilaren 14ra arte (48 ordu) iraun zuen estatu-kolpe hura babesteko, Chavezen aldeko militarrek eta kalera irtendako herriak ezerezean uztea lortu zutena…

A, barkatu! Ia ahaztu zitzaidan! Hasieran aipatu dudan bezala, “gure gonbidatu adituek”, Venezuelako hauteskundeen inguruko “hausnarketa aberatsa eta sakona” egin aurretik, beste gai bat izan zuten hizpide: bezperan Katalunian jokatutako Bartzelonaren eta Real Madriden arteko norgehiagoka… edo Camp Nou-ko zaleek, koloretako 98.000 kartulina eskuan, jokalariak zelairatzean osatutako senyera ikusgarria. Oraingoan ere gure gonbidatuak bat zetozen “ekintza hori” salatzeko garaian: kirola eta politika ez omen dira santa sekula uztartu behar…

Jakin nahi nuke iritzi bera duten gauetik goizera “La Furia” izatetik “La Roja” bihurtutakoen azken garaipenekin Yo soy español leloa behin eta berriro errepikatuz euren espainiartasuna lau haizetara sustatzen duten “kantari”ekiko…