Ordiziako Gaztetxeak Milagrosan jarraituko du bidea egiten

Gazte eta aske

Ordiziako Gaztetxeak badu dagoeneko non eman jarraipena 26 urteko ibilbideari. Udalarekin eta hainbat elkarte eta eragileren asmo onari esker, Ordiziako Gazte Asanbladak Milagrosa eskola zenaren eraikina erabiliko du hemendik aurrera jarduerak gauzatzeko.

Denbora luzez zalantzan egon da Ordiziako Gaztetxearen etorkizuna, uztailean ateak ixtea erabaki zuenetik. Baina badirudi itzalean egindako lanek fruitua eman dutela eta azkenean gazte ordiziarrek izango dutela ametsak non garatu.

Hori horrela, gaur prentsaurrekoa eman dute Ordiziako Udalak eta Ordiziako Gazte Asanbladak, Ordiziako gaztetxearekin gertatu denaren eta gertatuko denaren inguruan argibideak emateko. Hona hemen alkateak lehenik eta Ordiziako Gazte Asanbladako ordezkariek ondoren, esandakoa:

 

Igor Eguren Ordiziako alkatea: Arratsalde on eta ongi etorri guztioi. Gaurko prentsaurrekoaren helburua da abuztua arte, 26 urtetan, Filipineta kalean egon den Gaztetxearen itxieraren zergatiak azaltzea eta Udalak eta Ordiziako Gazte Asanbladak etorkizunerako dituzten asmoen berri herritarrei ematea. Informazioa halamoduz zabaldu bada ere, eraikinaren itxieraren zergatiak eta ixteko eman ziren pausoak ondoko hauek izan ziren:


1- Gaztetxeak izan zezakeen egoeraz kezkatuta, Ordiziako Gazte Asanbladak hainbat kontsulta egin zituen uztaila hasieran. Eraikina erabiltzeak arriskua izan zezakeela sinistuta, OGAk hitzordua eskatu zuen udaleko arduradun eta teknikariekin. Eraikina birritan bisitatu genuen eta arazoa benetakoa izan zitekeela ohartuta, aurreikuspena baieztatu zitzaien OGAko ordezkariei eta erainikinaren egoeraren azterketa eskatzea erabaki zen. Eta zentzu horretan egin zuten txostena udaleko teknikariek.

2- OGAk, ikuskaritza aurretik erabakita zuen moduan, eta ardura osoz, hilaren 21ean hasiko ziren herriko jaietan gaztetxearen erabilera mugatua egitea erabaki zen. Soilik, teknikariek hala hobetsita, sotoa erabili zen kontzertuetarako, eta lehenengo eta bigarren pisua ez ziren ireki. Udalak eta OGAk adostu zuten, jaiak amaitu eta azterketa teknikoen emaitzak jaso arte gaztetxearen erabilera mugatua izango zela, eta helburu horrekin izenpetu zen hitzarmena.

3- Eraikinaren azterketa egin zuen enpresak berretsi egin zituen uste guztiak aurre emaitza batean (extraofizialki) eta erabiltzaileentzat arriskua egon zitekeela gaineratu zuen.

4- Hori guztiagatik, abuztuaren 10ean, gaztetxea behin betiko ixteko erabakia hartu zuten Udalak eta OGAk, eraikinak irtenbiderik baduen jakin arte behintzat. Ordurako, OGAk, eraikinean zuen material erabilgarria atera zuen bertatik.

5- Gertaeren hastapenetik harreman estuan aritu gara lanean Udala eta OGA irtenbide egokiaren bila eta aurrerantzean ere halaxe jarraituko dugu. Udal honi ezinbestekoa iruditzen zaio Ordiziako gazteriak espazio propioak izatea, eta zentzu horretan, gaztetxea gazteentzako alternatibak sortzeko eta garatzeko espazioa dela ulertzen dugu. OGAk Ordiziako dinamizazioan egiten duen lana geure egiten dugu eta ahalegin horretan jarraitzeko eskaera egiten diogu.

6- Gauzak hala, gaztetxeari ostatu non eman aztertzen aritu gara hilotan. Herriko eragile desberdinen beharrak neurtzen ari gara udaberriaz geroztik eta udalarenak diren eraikinen egoerari so eginda dauden aukerarak aztertu ditugu. Aspektu guztiak kontuan hartuta, gaztetxe berriari Milagrosa ikastetxean ikusi diogu kokapen egokia. Jakin badakigu, eraikina zaharkitua dagoela, baina hori ere bada OGAk eta Udalak abiatu dugun elkarlanaren funtsetako bat; hilzorian dagoen espazioari bizia ematea.

Puntu honetan eskerrak eman nahi dizkiegu Urrup antzerki taldeari, Amets Bide dantza taldeari, Hitzaro kultur elkarteari eta Goierriko Bertso Eskolari, lanerako egoera deserosoan izan bada ere, urtetan eraikin honetako bizilagun izanik, beharra sortu orduko laguntza baino agertu ez dutelako. Eskerrik asko.

Eta OGAri, elkarrekin abiatu dugun bide honetan sinisten dugula esatea baino ez zaigu geratzen. Eta aurrerantzean ere bidelagun izango gaituzuela jakinarazten dizuegu.

Ordiziako Gazte Asanbladako ordezkariek esandakoa: Igorrek aipatu duen bezela, ekainaren bukaeran, gaztetxeko eraikinaren egoera okerrera zihoala ikusirik, arkitekto batzuekin jarri ginen harremanetan, hirurekin zehazki. Hauek egoera oso txarra zela esan ziguten eta hau jakin bezain laster udalarekin kontaktuan jarri ginen.

Abuztu hasieran, udalak, enpresa baten bitartez, eraikinaren azterketa sakonagoa egin zuenean, egoera txarra zela berretsi zuten emaitzek. Dena den, eraikinak bere horretan arriskurik ez duela esan beharra daukagu, aitzitik, arriskua eraikina erabiltzeak duela. Horregatik, oraingoz gaztetxea bertan mantentzea eskatzen dugu, izan ere, gu geure aldetik aukera ezberdinak aztertzen ari gara, gure ametsa betiko gaztetxea mantentzea baita.

Iragana ahaztu ezinik gauden arren, orain ilusioz beterik gaude erronka berri bati aurre egiteko. Berria jaso genuen momentutik, abuztu erdialdetik, gazte asanbladako kideok, kide ohiak, zein hurbildu ziren beste hainbat herritar biltzen hasi ginen. Gainera, alkatearekin harremanetan egon gara eta udalaren babesa eta laguntza izan dugu uneoro. Horregatik eskerrak eman nahi dizkiogu udalari, eskainitako laguntza eta konfiantzagatik. Jakin badakigu, laguntza hau ez datorrela ezerezetik, seguru aski, urte hauetan zehar egindako lanaren ondorio izango da. Izan ere herriari bizia eman diogu, gazteok antolatu eta gure kabuz lan egiteko gai garela erakutsi dugu, ekintza alternatiboak antolatu ditugu; dokumental eta pelikula emanaldiak, askotariko tailerrak, haur jolasak, bazkari herrikoiak, jaialdiak, kontzertuak, eta beste zerrenda luze bat. Eta gainera, gaztetxeak, herritarrok elkartu eta gure arazo zein kezkez eztabaidatzeko aukera ematen digu.

Horretaz kontziente izanik eta egoera berriari egokitu nahian, abuztutik hona hainbat eta hainbat bilera, eztabaida, talde-dinamika eta abarren bitartez, gazte asanblada eta gaztetxeaz hausnartzen aritu gara. Jada zenbait erabaki hartu ditugu eta esan bezala, gaztetxe berriak “Miilagrosan” irekiko ditu bere ateak.

Bukatzeko, herritar guztiak gonbidatzen zaituztegu gaztetxera hurbiltzera, gazte asanbladan parte-hartzera, bertan zuen hazia eraitera edota ekintza puntualen bat antolatzera. Jakin  ezazue gaztetxea herritar guztiona dela, izan gazte haur edo heldu. Herritik eta herriarentzat sortutako gaztetxe bat nahi dugu, eta horretarako, zuen guztion parte-hartzea ezinbestekoa zaigu. Beraz, besterik gabe, animatu eta hurbildu zaitezte, Gaztetxeak zuek guztiok behar zaituzte eta!!

HERRI BAT, GAZTETXE BAT!! GORA ORDIZIAKO GAZTETXEA ETA GAZTE ASANBLADA!!

Informazio gehiagorako: http://ordiziakogazteasanblada.blogspot.com.es/