Sustraiez Blai dator asteburua!

Ordizian bertan

Duela pare bat aste Ordiziarrock izan bagenuen, orain Sustraiez Blai jaialdia datorkigu Ordiziara. Palocortao (Los Delinqüentes taldeko kide ohiak), Samba Dzanga, 12 Tribu, A maquina de meter medo eta Global Funk DJ etorriko dira herria kultur aniztasunean murgiltzera.

Sustraiez Blaik hiru agertoki izango ditu guztira. Plazan izango dira kontzertu nagusiak (Palocortao, Samba Dzanga eta 12 Tribu) 21:00etatik aurrera, Garagartza plazan A maquina de meter medo galiziarrek joko dute 18:00etan eta Sugaar tabernan Global Funk DJ festa izango da 01:00etik aurrera.

Palocortao: David de la Chica (ahotsa) eta Diego Pozo, "El Ratón" (gitarra flamenkoa eta elektrikoa, Los Delinqüentes taldeko kide ohia) 15 urtez eszedentzian egon eta gero, musika-eszenategietara itzuli dira. Beti ondoan eduki izan duten taldearekin batera datoz, saguaren taldearekin, hain zuzen ere (Dani Bigfu –baxua-, Rafa Teto –perkusioa-, Paco Lara –gitarra-, Faé –perkusioa,- eta Alejandro el negro -perkusioa-).

Urte hauetan ez da ezer aldatu, edo akaso bai. Hainbat denbora musika-munduan eman ondoren, izan duten eskarmentuak edozertarako prest jarri ditu. Sustraiez Blai Jaialdian hori hala den erakutsiko digute.

Samba Dzanga: Edatearen onomatopeia da Dzanga. Samba Dzanga izenak, beraz, adierazi nahi du sambatik edaten duela taldeak. Lasai jotzen den samba, familiarra egiten dute, bossa novatik hurbilago dagoena, baina oso musika lasaia izan arren, dantzagarria da oso. Alain Beltza, Mikel Arriaran, Jon Sanz, Iñaki Noguera, Gontzal Merino eta Koldo Kadierno dira talde osatzen duten musikariak.

12 Tribu: 1995ean sortu zen, baina ez gaur egun dauden partaideekin. Urteetan zehar musikari desberdinek hartu baitute parte. Bandak jotzen reggae estiloan ere eboluzio bat egon da, ska, rocksteady eta roots reggaea. Azken hau izanik 12 Tribun finkatu den estiloa.

4 disko eta zuzeneko bat kaleratu ditu taldeak orain arte: "Who's your leader" (1999), "In it together" (2002), "Rebel inna Nazarin Street" (2005), Reggae Gaua - Matadeixe (2011) (zuzenekoa) eta "Freedom Sounds" (2012).

Gaur egun taldea eraberrituta dago taldekide eta abeslari berriarekin: Miren (ahotsa), Txato (bateria) Ladis (baxua), Galo (kitarra), Imanol (teklatua), Oihana (teklatua-koruak), Txar Lee (saxo-koruak), Ekain (saxoa), Etxaniz (tronboia), Ibar (tronpeta-koroak), eta Asier (perkusioa).

A maquina de meter medo: Hiru gaztek osatzen dute talde galiziar hau eta ahotsa, dantza eta garai bateko musika-tresna tradizionalak nahasten ditu programazio eta efektu elektronikoekin batera.

Zanfona musika-tresnarentzako piezak jotzen dituzte galiziarrek (Europar Erdi Aroko errepertorioa nahiz beste tradizio batzuetatik etorritakoak) eta baita Espainiar penintsulako ahots-errepertorioa, baliabide berriak erantsiz (adibidez, perkusioa), baina Galiziako bertako ikuspegia mantenduz. Aldatu egiten dira musika-piezak eta zenbait kasutan erabat aldatu jatorrizko pieza tradizionalekin konparatzen baditugu.

Global Funk DJ Fest: Makala (Boom Shaka Laka), Euskadi Irratia-ko dj-ak martxan jarritako proiektua da Global Funk izenekoa eta izenak dioen bezala, mundu globalizatu honetako musika-estilo guztiak nahastu eta “pintxatzen” ditu.

Ordiziako Sugaar  tabernan emanaldi paregabea eskaintzeko asmoa du Sustraiez Blai jaialdiaren aitzakian.