'Dantza zati bat' Ordizian: herria dantzan, autodeterminazioaren alde!

EH ezkerretik eraikiz

Ordiziarrek ere bat egin dute "Dantza zati bat" ekimenarekin. Idiazabalen autodeterminazioaren alde sortu zen Nazioen Mundua mugimenduaren barruan kokatzen da jai giroko aldarrikapen hau. "Gazta zati bat" dokumentalaren soinu bandan agertzen den abesti bat dantzatzean datza ekimena. Koreografia baten bitartez, azaroaren 24an ahalik eta ordiziar gehien dantzan jartzea da helburua.
Flashmob moduko bat da, inprobisazio eta dantza koordinatu baten nahasketa. Aipatu CDan dagoen arin arin bat da dantzatuko dena. Dantzaren grabaketa azaroaren 24an izango bada ere, aurretik entseguak antolatu dituzte koreografia ikasteko. Entseguak azaroaren 16ean (19:00etan, Plazan) eta 17an (17:00etan, Plazan) izango dira, eta grabaketa ere leku berean, 15:00etan.
Hala ere, asteburu honetan bertan, bideo bat zabalduko dute Internetez. Bertan koreografiako pausoak erakutsiko dituzte, entseguetara joateko aukerarik ez duenak, etxean ikasteko; bakarrik, lagunekin, familian, nahi duen bezala.
Dagoeneko egin dute beste herri batzuetan, eta oso esperientzia arrakastatsua eta aberasgarria izan da. Hona hemen Lesakan grabatutakoa: