Oianguko parte-hartze prozesuaren nondik norakoak, bihar, udaletxean

Udal txinpartak

Oianguko parte-hartze prozesuan murgildu diren herritarren ordezkariek prozesuaren nondik norakoak azalduko dizkiete herritarrei bihar, azaroaren 20an, 18:00etan, udaletxeko pleno-aretoan. Zalantza guztiak argitzeko parada ederra izango dute herritarrek.

Kaixo adiskide:

Oianguko partaidetzazko prozesuaren lan bileren ostean (ondoko link honetan duzue azken txostena: http://oiangu.info/azken_txostena.pdf), guztion artetik ordezkari talde bat osatu genuen, prozesuan aukeratu eta lehenetsitako proiektuak udal teknikariekin lantzeko.

Herritarren ordezkari taldeko kideok 7 aldiz bildu gara prozesua gidatzen aritu diren aholkulariekin, teknikariekin egin beharreko lana definitu eta jarraipena egiteko.

Teknikariekin lan-bilera bat egin dugu jada, denon artean aukeratu genituen proiektuak aurkeztu dizkiegu eta hauen bideragarritasuna aztertzeko lanean hasi dira dagoeneko.

Teknikariekin egiten ari garen lanarekin batera, beste bi ildo ere jorratu ditugu:

1)- Udaleko alderdi politiko guztiei aurkezpena: Garrantzitsua iruditu zaigu Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztietako kideei prozesuaren berri ematea, herritarrok Oianguren inguruan erabaki dugunaren berri ematea.

2)- Komunikazio kanpaina: Herriari begira prozesuaren berri emateko komunikazio kanpaina bat ere jarri dugu martxan. Udaleko aldizkarian eta herriko komunikabideetan irakurri ahal izango dituzue Oianguko parte hartzeko prozesuari buruzko elkarrizketa parea.

Egin dugun lana zuenganatzeko eta teknikariekin emandako aurrerapausoak aurkezteko bilera baterako deia egiten dizuegu, azaroaren 20an arratsaldeko 18:00etan Udaletxeko Pleno Aretoan. Mahai gainean hainbat gai jarri, eta berriro ere elkarlanean, erabaki batzuk hartzeko.

Besterik gabe, laster arte