Emakumeen aurkako indarkeria salatzeko kontzentrazioa, igandean

EH ezkerretik eraikiz

Ordiziako Berdintasun Batzordeak kontzentrazioa deitu du datorren azaroaren 25erako, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Egunaren harira. Kontzentrazioa igandean izango da, 19:00etan Plaza Nagusian.

Hemen Berdintasun Batzordearen deialdia:

Aurten ere, azaroaren 25a Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela-eta, indarkeria sinboliko, leun, maltzur eta ia ikusezin horretan jarri nahi dugu arreta, zeinaren gainean eraikitzen baita emakumeen identitatea eta, era berean, emakumeen aurkako indarkeriapsikologikoa zein fisikoa ahalbidetzen baitu.

Indarkeria sinboliko hori ideia okerretan oinarritzen da, baina ideia horiek oso zabalduta daude eta naturaltzat hartzen dira; esate baterako, ordu eta leku jakin batzuetan emakume izatea arriskutsua dela; sexu-eraso bat baino ezer larriagorik ez dagoela barneratzea baina emakumeak ezin direla eraso horietatik babestu; beldur izaten ikastea eta hauskor sentitzea, babestua izan beharra sentitzea, nahiz eta inork ez adierazi zeri edota nori izan behar zaion beldur; lotsatuta edo errudun sentitzea sexueraso bat jasan izanagatik edota tratu txarrak jasan izanagatik, eta nahiago izatea hori justifikatzea edo ukatzea, gaia onartu edo kritikatu beharrean; emakumeen sexu-askatasuna probokazio sexuala dela ulertzea, eta gizon batzuen jokaera erasotzaile potentziala justifikatzen duena uste izatea; edo pentsatzea bikote barruko kontrola eta jeloskortasuna maitasunaren parte direla, eta bikotea, saiatuz gero, maitasunagatik aldatu daitekeela.

Emakumeen aurkako indarkeriak, izaera fisikoa, sexuala edo psikologikotik haratago, ekonomiko eta sozial izaera ere badu, are gehiago krisi garai hauetan, non:

- Hainbat ordezkari politiko, agente sozial, judizial eta komunikabideren aldetik egindako adierazpenak, emakumeak herritar tutelatu gisa eta norbere bizitzaz erabakitzeko ahalmenik gabe kokatzen dituztelako.

- Zerbitzu publikoen murrizketek -bereziki zaintzari dagozkionak-, indarkeria arriskua handitu dezaketen bulnerabilitate egoerak sortzen dituzte; obedientzia eta sumisioan oinarritutako harremanetan hain zuzen ere.

Beraz guzti honen inguruan lan egin ahal izateko,  Ordiziako  Udalari emakumeak zenbait tresnaz jabetzeko aukera emateko eskatzen diogu, gaitz hori prebenitzeko eta nork bere burua defendatzeko; borondate hori, gure udalerrietako exijentzia inperatibo bihurtu beharko bait litzateke.Modu horretan,  Berdintasun Batzordeak, Ordiziako Emakumeak  eta herriko Taldeak agente aktiboak izatera animatu nahi ditugu, emakumeenganako edozein indarkeria mota errefusatu ditzaten eta horren aurka modu indibidual zein kolektiboan  gurekin batera lan  egin dezaten.

Horren guztiaren jakitun, Ordiziako Berdintasun Batzordeak ANIMATU EGITEN DITU herritarrak, eta, oso modu berezian, herriko neska-mutilak, Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Nazioarteko Eguna dela eta egingo diren ekintzetan parte hartzera, indarkeria horren aurka modu publikoan agertzera.

PUNTU LILA erabiltzeko GONBIDAPENA EGITEN DU, emakumeenganako indarkeriaren aurkako sinboloa den aldetik. Horretarako, Udalak banatutako puntu lila daramaten kartelak begibistan jartzea animatzen zaituztegu mezu hau zabaltzen laguntzeko.