Sasi guztien azpitik eta laino guztien gaineti, OGA bizirik!

Gazte eta aske

 

Dakizuen bezala, abuztuan gaztetxearen ateak itxi beharrean ikusi ginen. Hori dela eta, udaletxearekin lanean aritu gara Ordiziako Gazte Asanbladari etxe berri bat aurkitzeko. Hainbat aukera aztertu ostean, Milagrosako eskola zaharra iruditu zaigu egokien. Baina bertara sartu baino lehen, aurretik zeunden taldeekin (Hitzaro eta Urrup) elkarlanean aritu gara beraientzat leku berrira mugitzea errazago izan zedin.

Hala ere, egoitza berriaren antolakuntzan hasi aurretik, ezinbestekoa iruditzen zitzaigun Gazte Asanblada indartsu batekin joatea. Horretarako, iraileko bi igandetan talde dinamika batzuk antolatu genituen gaztetxea egiten duten ideia eta ekintzen inguruan hausnartzeko. Bertan izan ginen orain arte gazte asanbladako kide izan garenak eta proiektu berri honekin interesatuta dauden gazteak. Jarrera, ardura banaketa, eraikina, herria, ekintzak eta beste hainbat gaiez mintzatu ginen, gaztetxe berrian lortu nahi ditugun helburuak irudikatzeko.

Horretaz gain, guzti honek gazte erakunde berriaren sorkuntza prozesuarekin bat egin du. Hori dela eta, gaztetxeko hausnarketetan parte hartutako gazteok gogotsu heldu diogu Zukgua deritzon mugimendu eratzaile honi. Gainera, herriko gazte gehiago biltzea lortu dugu, betidanik lotu izan zaigun pasotismoa gurekin bat ez datorrela argi utziz.

Aurrera begira proiektu berri batekin hasten garela ikusirik, gure ekintza eta moldetan ikuspuntu aldaketa emateko aukera begiztatu dugu. Hori baita gazteon ezaugarria, gauzak aldatzeko irudimen mugagabea daukagula. Horregatik, beharrezkotzat hartu dugu gaztetxean landuko diren problematikek inoiz baino gehiago herritarren beharrei erantzutea. Izan ere, gaztetxea ez baita Gazte Asanbladarena, herritarrona baizik, guztion parte hartzea beharrezkoa izanik.

Hori guztiagatik, garai berri honetan esku hartu nahi duen edonori gonbitea luzatzen diogu bere burutapenak gurekin partekatu ditzan.

26 urte ta segi aurrera!

Ordiziako Gazte Asanblada.

Ordiziako Gaztetxea.