Ordizia ez delako salbuespena, etxe kaleratzeei Stop!

Stop Desahucios elkarteak hitzaldia emango du datorren abenduaren 4an, 18:30ean, Barrenan. Etxe kaleratzeen inguruko problematikak Ordizia ere jo duenez, egoeraren nondik norakoak ezagutzeko aukera paregabea izango da.

Etxe-kaleratzea herritarrok paira dezakegun muturreko egoera latzenetako bat da. Etxerik gabe geratzeak eta gainera, kasu gehienetan, zorrari aurre egin ezinda bizitoki berri batean hasi beharrak, gaur egun jendartean hain hedatua dagoen ezinegon eta desesperazioa areagotzen du.

Gaur egun, beren buruaz beste egin duten pertsonengatik egin dira hain ezagun egoera hauek, baina 2008tik, krisia areagotu zenetik, EREak eta langabezia areagotu zirenetik, milaka izan dira Euskal Herrian etxetik kaleratu dituzten familiak.

Ordizia ez da salbuespena izan, baina gutxitan izaten dugu kasu horien berri. Baina kasuak ez dira isolatuak, ez dira norbanakoen arazo, sistema kapitalistaren ondorio baizik. Etxebizitza, oinarrizko eskubide gisa ulertzen bada ere, espekulazio elementu nagusi erabili dute eraikuntza-enpresek, erakunde publikoek eta bereziki bankuek. Herritarron kontura izugarrizko fortunak egin dituzten finantza-gizonek, ordea, ez dute inolako erantzukizunik hartu eta langileak eta herritarrak gara ondorio guzti-guztiak pairatzen ari garenak.

Horri guztiari erantzun behar diogu. Herri gisa erantzun. Horretarako, egoeraren berri izan eta oinarri sendo batzuen gainean, antolatu eta mobilizatu behar gara. Erasoaldiari erantzun eta elkartasunaren bidez, bidegabekeriei aurre egingo diegu.