Herriraren egitaraua Gabonetan

Askatasun ahotsa

Ordiziako Herrirak ekitaldi ugari antolatu du euskal presoen etxeratzea aldarrikatzeko Gabonetan ere. Abenduaren 21eko asteburuko bigarren eskuko dendatik hasita, abenduaren 27tik urtarrilaren 10era egingo duten Herrira Hamabostaldira.

Abenduaren 21ean eta 22an bigarren eskuko elkartasun denda jarriko du Herrirak Ordiziako Plaza Nagusian. Herritarrek dohaintzan emandako bigarren eskuko gauzak salduko dituzte, denetik, ostiralean 17:00etatik 20:00etara eta larunbatean 11:00etatik 20:00etara.

Abenduaren 24an, Eguberri bezperan, Ordiziako kaleak zeharkatuko dituzte Gabonetako kantuen doinuan. Ondoren, bazkaria egingo dute Irriki elkartean eta joan nahi duenak Herrikon eman dezake izena. Iluntzerako Hator-hator giza-katea osatuko dute, 19:00etan, Garagartza plazatik.

Asteazkenean, abenduaren 26an, azoka berezia egingo dela aprobetxatuz, mariskada baten zozketa antolatu dute.

Abenduaren 28a, hileko azkeneko ostirala izaki, presoen etxeratzea aldarrikatzeko kontzentrazioa egingo da 20:00etan plazan eta gaixotasun larriak dituzten presoekin oroituko dira bereziki.

Urteko azkeneko egunean, San Silbestrean korrika ateratzeko deia egin du Herrirak eta Herriraren kamixeta urdinekin (Herrikon daude salgai) kolore pixka bat jarriko zaio lasterketa herrikoiari.

HAMABOSTALDIA

Ordiziako Herrirak Hamabostaldia antolatu du abenduaren 27tik urtarrilaren 10era. Lehenengo egunean "Sagarren denbora" dokumentala eta hitzaldia emango dute D'Elikatuz zentroan.

Urtarrilaren 3an ere dokumentala emango dute, "Itsasoaren alaba", Barrenan, 19:00etan. Azkenik, hamabostaldiari amaiera emateko, urtarrilaren 10ean, gaixo dauden presoen inguruko mahai-ingurua egingo dute D'Elikatuzen.