Monozikloz Herrira goaz

Askatasun ahotsa

 

Igerian, oinez, korrika... Ez, monozikloz joango da Jon Lekuona ordiziarra Ordiziatik Iruñeraino. 80 kilometro baino gehiago egingo ditu larunbat honetan, otsailaren 2an, gurpil baten gainean, euskal preso politikoen egoera salatzeko, eta bereziki dispertsioa amai dadila eskatzeko.

Izan ere, horixe da 'Leku'ren nahia, egingo duen esfortzu fisiko eta psikologikoarekin, euskal presoen senideek bizi duten egoera irudikatzea. Gainera, erronka ez da hor amaituko, Ordiziatik euskal hiriburu guztietara joateko asmoa baitu aurrerago.

Ez da lan makala izango, Ordiziatik Euskal Herriko hiriburura iristeko oztopo ugari gainditu beharko du: eguraldia, Lizarrustiko gaina, hanketako mina... Baina, jendearen babesarekin, lana xamurragoa egingo zaio!

Makarroiak eta kafea gosaldu, eta hor abiatuko da 'Leku' Ordiziako Herrikotik, larunbatean, goizaldeko seietan. 19:30erako Iruñeko Karmen kaleko Herrikoan egotea espero du. Tartean Lazkao, Ataun, Lizarrusti, Etxarri, Irurtzun, Berriozar... igaroko ditu, gurpil bakarraren gainean orekari eutsiz.

'Leku' ez da bakarrik egongo ezta momentu batean ere. Gainera, ibilbidea jarraitu ahal izango du edonork Twitter bidez, MonoziklozHerrira (@monozikloz) kontuan.

Baina erronka gauzatu ahal izateko, ezinbestekoa izango du herritarren babesa, errepide bazterrean jasoko dituen animoak. Beraz, errepidean, edo ibilbideren momentu batean, banderolak eskuan hartu eta animatzera agertzeko deia egin du. Larunbatean, elkar ikusiko dugu Ordiziatik Iruñeko bidean!

Ibilbidea eta ordutegiak (kontuan izan oso zaila dela kalkulatzea zein ordutan pasatuko den leku jakin batetik, eguraldiagatik, trafikoa, oztopoak...):

06:30ean abiatuko gara Ordiziako Herrikotik, eta handik Lazkao, Ataun, Lizarrustiko gaina (08:30), Etxarri-Aranatz, Arbizu, Lakuntza, Huarte-Arakil, Irañeta, Ihabar, Hiriberri, Irurtzun (12:00), Sarasa, Berriobeiti, Berriozar, Iruña (19:30).

IAZ ORDIZIATIK DONOSTIARAINO JOAN ZEN: