Oztopoak oztopo, monozikloz herrira

Askatasun ahotsa

 

Euriari, kazkabarrari, elurrari, hotzari, errepideari… aurre eginez, Jon Lekuona 'Leku' eta Beñat Otegi 'Beñato' Ordiziatik Iruñeraino iritsi ziren gurpil baten gainean, euskal preso politikoen dispertsioa eta presoen senideek bizi duten egoera salatzeko.

Iritsi zen larunbata, eta horrekin batera, aspaldian gure inguruan izan dugun eguraldi txarrena. Zorte txarra izan zuen 'Leku'k bere ekimenari ekiteko aukeratu zuen egunarekin.

Goizeko seietan hortxe elkartu ziren eguneko protagonistak, monozikloaren gainean joango zirenak, eta baita bidelagun izango zituzten hainbat ordiziar: presoen senideak, Ordiziako alkatea, etab.

Dena prestatu, euriari eta hotzari aurre egiteko jantzi ('Martin Pescador' itxura zuela aitortu zuen Lekuk) eta hortxe abiatu ziren Leku eta Beñato, hainbat herritarren babesarekin, Ordiziako Herrikotik Lazkao aldera, eta luze joko zuen bidaiari ekitera.

Atauneraino korrikalarien konpainia izan zuten monozikloaren gainekoek, eta Ataunen harrera beroa jaso zuten, presoak etxera ekartzeko aldarrikapenarekin bat eginez, ataundarrak ere kalera atera zirelako.

Euria botatzen ari zen etengabe, eta hotz egiten zuen. Lizarrusti igotzeari ekin zion Lekuk, goizeko zortziak aldera. Igotzen ari zela, elurra eta kazkabarra botatzen hasi zen. Horrek asko gogortu zuen igoera, baina Lekuk norbait izan zuen aldamenean denbora guztian.

Lizarrustiko igoera "desmoralizantea" izan zen arren, Lekuk indarrak hartu eta Etxarriranzko bideari ekin zion, Beñato aldamenean zuela. Aldapan behera errepidea zurituta aurkitu zuten, baina horrela ere ez ziren gelditu.

Handik aurrera, etengabe bota zuen euria eta kazkabarra, baina tipi-tapa bidea egiten jarraitu zuten Lekuk eta Beñatok. Etxarri-Aranatzen jendeak harrituta ikusi zituen 'monoziklistak', ezin baitzuten sinetsi eguraldi horrekin ekimena bertan behera utzi ez izana. Baina Aitor Sarriegi bertsolariak twitterrez animoak ematerakoan ederki azaldu zuen moduan: "Ez zaizu egunik onena tokatu. Bisitetan ere ez da aukeratzen".

Bide bazterrera animatzera etortzeko aukerarik izan ez zutenek, Twitter bidez jarraitu ahal izan zuten Lekuren eta Beñatoren balentria. @Monozikloz kontuan hamaika animo mezu jaso zituzten. Euskal Herriko txoko guztietatik bidali zituzten elkartasun mezuak, baita Herrialde Katalanetatik eta Venezuelatik ere.

Euriak, kazkabarrak, haizeak eta hotzak asko zaildu zuten bidea, baina Txitok (edo) Lakuntzan prestatutako bazkariak eta Aneren masajeek, indarberritu egin zituzten Leku eta Beñato. Hurrengo helburua, Irurtzun.

Luze jo zuen tarte horrek, izan ere, errepide zuzenak bereziki gogorrak egiten zitzaizkien psikologikoko monozikloan zihoazen bi lagunei. Baina halako batean, arratsaldeko bostak inguruan, iritsi ziren Irurtzunera. Han, Pikuxarreko bezero ezezagun batzuk edari erronda ordaindu zuten, Lekuren eta Beñatoren erronkarekin harrituta.

Iluntzen hasi zen, eta gaua egin zen Iruñera bidean. Gainera, errepidean trafiko handia zegoen, eta monozikloekin batera zihoazen autoek ezin zuten babesa ematen jarraitu.

Hala, 20:00ak alderako Iruñera iritsi ziren Beñato eta Leku. Erabat nekatuta zeuden, ia ezin zuten gehiago, baina iritsi ziren eguneko helmugara, Lekuk abian jarri duen erronkako lehenengo helmugara. Iruñeko kaleetan, herritarren ikusmiran, Karmen kaleko Herrikora iritsi ziren monoziklistak, eta Ordiziatik bide osoan lagun izan zituztenak. Han, presoen eskubideen aldeko oihu artean jaso zituzten bertaratutakoek (ordiziarrak ere bazeuden tartean). Horrela amaitu zen bide luze baten lehenengo urratsa.