Badator Akirrok, korrika atzeraka, legearekin euskarari egin nahi diotena salatzeko

Egoera politikoa

 

Euskarak jasan dituen erasoak salatzeko eguna izango da martxoaren 9koa. Hori horrela, bigarren urtez jarraian, Beasaindik Ordiziara atzeraka egingo dute korrika.

 

 

Aurten ere iritsi da Akirrok Goierrira, iritsi da gure hizkuntzak jasan dituen erasoez kexu egiteko eguna, gure hizkuntzarekiko eskubideak errespetatu eta hauek bermatu ditzazten eskatzeko protesta ekitaldia. Gauza asko dugu esateko, jada egindako erasoez baita egingo direnez ere. Aurtengoa kasu, ezarri nahi diguten LOMCE hezkuntza eredua eta honen sustatzaile den Jose Ignacio Wert hezkuntza ministroaren eginetan oinarrituko dugu.

Ezaguna den Jon Juaristiren omenez sortu zen Akirrok, honek hain maitea dugun hizkuntza babesteko egin duen lana goraipatu eta ezagutarazteko. Bi pertsonaiok, beste batzuen artean, gure ondareak suntsitu nahi dituzte beraien kolonialismoa ez amaitzearren eta gure hezkuntzaren jabe izanik, ezin dugu euskara salbu dagoenik esan, amaierarik ez duen zapaltzaileen kate batez osaturik baitago gure sistema politikoa.

Beraz, etor zaitez Goierrira martxoaren 9an. Goizeko 11:30tan hasiko da korrikaldia, atzeraka egingo dena, izenak dioen bezala (akirrok=korrika), Beasaingo Zubimuzu plazatik Ordiziako Plaza Nagusira. Jarraian, plan inperialista honen inguruko bertsoak entzun ahal izango ditugu eskualdeko bertsolarien eskutik, kanpoko frontoian egingo den bertso-bazkarian. Amaitzeko, bazkalostean, poesia lehiaketa izango da, eta azaldutako orok euskararen inguruan poesia bat idazteko aukera izango du eta zuzenean irabazleak zeintzuk diren esango da, sari sinboliko batekin. Gerora eskualdeko herri eta auzoak idatziriko poesiez apainduak egongo dira, argi geratu dadin Goierrik euskara maite eta erabiltzen duela.

Badakizu gazte, etor zaitez hurrengo larunbatean Akirrokera, LOMCErik EZ!!!