Eman aukera atez atekoari

EH ezkerretik eraikiz

Ordiziako SORTUk dei berezia egin nahi dizue datorren martxoaren 16an, larunbata, eguerdiko 12:30ean Ordiziako Plazan izango den agerraldi jendetsura ager zaitezten eta jendea anima dezazuen bertara joateko.

Azken hilabeteotan Euskal Herrian eta gure herrietan arlo sozial, ekonomiko eta politikoan hainbat aldaketa garrantzitsu ari dira ematen. Eta Gipuzkoa osoan bezalaxe, Ordizian ere bada eztabaida berezia eragiten ari den ekimena: zabor eta hondakinen kudeaketarena.

Hondakin eta zaborraren kudeaketaren eztabaida maila teknikoan eta zintzotasunez ematen denean, datuek begi bistan agertzen dute gaur gaurkoz arazoari irtenbiderik egokiena ematen dion sistema atez ateko gaikako bilketarena dela.

Ingurumen aldetik, bilketa selektiboan eta birziklatzean emaitzarik onenak ematen dituelako, eta horrekin batera errauskailuaren aukera baztertzen duelako.

Osasun aldetik, ez dituelako inondik inora ere eragiten errauskailuak dakartzan kalteak.

Ekonomikoki, bilketaren ziklo eta tratamendu osoa kontuan hartuta, merkeena delako, eta gainera lanpostuak sortzen dituelako. Eta horrekin batera, elite politiko-ekonomikoen interes ezkutuak zapuzten dituelako.

Ikuspegi sozialetik arduratsuena delako, herritarrok ematen baitiogu konponbidea herritarrok eragindako arazo bati.

Askotan, ordea, eztabaida ez da maila horietan ematen. EAJ/PNV keta PSE-EEk zikinkeriaren, kontrolaren, deserosotasunaren… mamuak zabaltzen ari dira herritarrak aztoratu eta gure erakundeek (Aldundiak eta Udalak) hartutako erabakien aurka jartzeko.

Zergatik, baina? EAJ/PNVren eta PSE-EEren benetako interesa delako edozein tresna erabiliz BILDUren gobernuak desgastatzea. Izan ere, une honetan lehian dagoena da gure erakundeak kudeatu eta politika egiteko eredua bera. Azken finean, eredu soziala, eta horrekin batera Gipuzkoako hegemonia politikoa.

Horregatik guztiagatik, ingurumen arrazoirengatik, osasunaren aldeko arrazoirengatik, arrazoi ekonomikoengatik, eta arrazoi sozial eta politikoengatik, Ordiziako SORTUk dei berezia egin nahi dizue datorren hilaren 16an, larunbata, eguerdiko 12:30ean Ordiziako Plazan izango den agerraldi jendetsura ager zaitezten eta jendea anima dezazuen bertara joateko. Helburua ahalik eta jende gehien elkartzea da, herrian agertzeko Udalak herritarron babesa duela. Agerraldiaren leloa izango da Eman aukera atez atekoari.