ASKI DA! Denok kalera!

Askatasun ahotsa

Hilabete eskasean, bi preso gaixo hil dizkigu espetxe politika kriminalak, oraindik batzuek ETAk gatazka luzatzeak "ondorio negatiboak" izango dituela esatea salatzen zuten bitartean. Hortxe, begien aurrean lehertuta, gatazkaren ondorio negatiboak. Batzuen ustez ezer arrarorik ez (PNVko Atutxak: "Lo único raro en la muerte de López Peña es lo que oigo a la familia y a la abogada"), beste batzuen ustez, bulegoetatik kalera atera behar ez den auzia. Ez humanitateak, ez diplomaziak, ez politikak, presoen auzia konpontzen ez badute, gu guztioi dagokigu presio jasanezina eragitea kartzela politika anker hau aldatzeko. GUZTIOK parte hartu behar dugu, EKITALDI GUZTIETAN. ASKI DA!!!   Ostiralean 12:00etan elkarretaratzea Ordiziako Plazan. Larunbatean, manifestazioa Bilbon 17:30ean La Casillatik abiatuta (autobusa egongo da Ordiziatik).

 

____________________________________________________________________________________________________________________

 

Ez humanitate, ez diplomazia, ez politika.  Julen Arzuaga

Nazio Batuek argi adierazten dute Preso Dauden Pertsonen Babeserako Printzipioen Bilduman: «Presoa bere ohiko bizilekutik gertu dagoen espetxe batean egongo da» (20. printzipioa) eta «Atxilo guztiek jasoko dute arreta eta tratamendu medikoa, behar duten bakoitzean» (24. printzipioa). Baina ez da humanitate kontua.

Urkullu lehendakaria orain dela bi hilabete bildu zen Rajoy presidentearekin. Presoen afera konpontzeko jardun «diskretua» agindu zuenetik 40 preso urrundu izan dituzte, hiruri 197/2006 doktrina aplikatu diete; Xabier Aranburuk, Oskar Barrerasek eta Arkaitz Bellonek jipoiak jaso dituzte; Mitxel Turrientes eta Jabi Martinezen familiakoek istripu larriak eduki dituzte, eta bi preso hil dira: kontrol telematikopean zegoen Angel Figueroa eta Xabier Lopez Peña. Antza denez, diskrezio eta diplomazia kontua ere ez da.

Agertoki politiko berriak kartzela politikan urratsak egitea exijitzen du. Arku politiko zabalenak hala ulertzen du, PSEren idazkari orokor Patxi Lopezek azkenik onartu duenez. Baina alferrik. Politika ez da jada «posiblearen artea», baizik eta etsipenaren adierazlea. Beraz, presoen afera konpontzea ez da, ezta ere, politika arruntaren kontua.

Ez da humanitate, ez diplomazia, ez politika. Preso politikoen korapiloa deslotzeko aukera bakar bat geratzen zaigu. Izan dadila gizartearen presio jasanezina kartzela politika anker hau behin betiko mugiaraziko duena.