Larunbatean, denok Boulevardera: Euskal gazteria libre eta legala

Egoera politikoa

Larunbatean, apirilaren 13an, manifestazioa egingo da Donostiako Boulevardean antolatu den Askegunetik hasita, 17:00etan, Ekaitz Iberoren atxiloketa eta beste zortzi gaztek jaso duten seina urteko kartzela-zigorra salatzeko.

Astelehenean Espainiako Auzitegi Gorenak Donostiako 8 gazteren aurkako seina urteko epaia berretsi zuen. Erabakia salatu eta epaiari uko egiteko Eleak mugimenduaren baitan Aske gunea! martxan jarri da Boulevardean, atxilotze arriskuan dauden gazteak babestu asmoz. Baina gaur, (apirilak 10, asteazkena) gunea martxan jarri eta 24 ordu baino igaro ez direnean Ertzaintza gunera bertaratu da Ekaitz de Ibero gaztea atxilotzera. Bertan bildutakoek euren babesa helaraztean, Ertzaintzak bortizki kargatu du haien aurka, kolpeka zaurituak sortu eta Ekaitz atxilotuz. Aske gunea txikitu dute.

EAJren armadak bere indarkeriazko jarrera faxista erakutsi du beste behin ere. Auzipetuek adierazi dutenez, Eneko Goia Donostiako EAJko zinegotziarekin bildu eta planteamenduaren berri eman zioten, baina alferrik! EAJren hitzak eta ekintzak ez datoz bat! Espainiar Estatuaren mendekuzko justizia arrotzari men egin eta herriko gazteak kolpatu; hori da bere estiloa!

Espainiar Estatuaren jarrera inmobilistaren aurrean, Urkullu jauna morrontza lanetan dabil. Euskal Herrian bizi dugun gatazka politikoaren konponbidearen baitan urratsak eman ordez, errepresioaren, bortizkeriaren eta sufrimenduaren aldeko hautua egin dute, bai Rajoyk, baina baita Urkulluk ere. Bakeaz mintzo dira, baina Boulevardean babesa adierazi asmoz bildutako gazteen aurka kolpeka sartzen dira. Ze bake klase da hori?! Azal dezala Rajoyk zertan oinarritzen den bere bakea. Azal dezala Urkulluk: hau al da zure herriari opa diozun bakea? Bermatu asmo diozun bakea? Zu zara zakurren katea manejatzen duena!

Ekaitz de Ibero eta Auzitegi Faxistak zigortutako gazteak proiektu politiko jakin baten alde lan politikoa egiteagatik zigortuak izan dira. Euskal Herria maite eta haren alde antolatzeagatik. Egun milaka gaztek egiten dugun moduan, Euskal Estatu Sozialista eta Feminista eraikitzen aritzeagatik. Finean, gure indar eta determinazioari beldur diotelako. Guztiok baikara Donostiako auzipetuak, guztion Ekaitz eta guztiok espainiar zein frantziar estatuen amets gaiztoa. Euskal gazteri guztiaren aurkako erasoa da, erantzun dezagun guztiok beraz!