Monozikloz Herrira, Ordiziatik Gasteiza: Beste pauso bat presoak etxeratzeko borrokan

Askatasun ahotsa

 

Monozikoz Herrira ekimenaren bigarren urratsa egin zuten Jon Lekuonak eta Beñat Otegik, Ordiziatik Gasteizeraino monozikloz joanda. Iruñera egindako bidaian ez bezala, eguraldia alde izan zuten oraingoan, eta ibilbidean hainbat bidelagun elkartu zitzaizkien, euskal preso politikoen sakabanaketa salatzeko ekimenean zehar.

Goizaldeko seiterdiak aldera abiatu ziren ‘Leku’ eta ‘Beñato’ monozikloaren gainean Ordiziako Herrikotik Gasteiz aldera. Plazan agertu ziren gaupaseroen, eta ibilbide osoan zehar laguntza emango ziotenen animoak jasota ekin zioten bideari.

Ordiziatik Zegamarako bidea ziztu bizian egin zuten monoziklistek eta 80 kilometroko ibilbide osoa bizikletan egin zuen ‘Pelox’ek. Giroa paregabea zen, 20 bat graduko tenperatura eta bidegorri asko.

Zegaman, goizeko 8etan, bigarren aldiz gosaldu zuten, Otzaurteko gainari ekiteko indarrak hartzeko. 'Leku’k aitortu zuen Zegamako kafeak kristoren indarra eman ziela eta horregatik igo zituztela gero horren ondo Otzaurteko maldak. Izan ere, nahiz eta autoetan badaezpada ere gurpil txikiagoak zituzten monozikloak prest izan, ez zuten monozikloa aldatu.

Gero, Altsasurako bidea, Otzaurten behera, nahiko gorabeheratsua izan zen. Monoziklistak lasaitu egin ziren eta arreta galdu zutela zirudien. Agian bidean topatutako txirrindularien harridura aurpegiek eragindako algarengatik, edo aldapan behera oso azkar zihoazelako, baina behin baino gehiagotan ibili ziren itzulipurdika, eta baten batek ia errepideko seinalea ere jo zuen… Hala ere, barre egiteko moduko istripu txikiak besterik ez ziren izan.

Olaztiraino iristeko bidea luzea egin zen, izan ere, orudurako eguzkia jotzen hasi zen, eta gose ziren. Olaztin “merendero” aparta topatu eta bertan egin zuten hamaiketakoa, eta Aneren masajeak jaso zituzten, oraindik bide erdia baino gehiago geratzen zela jakitun.

Olaztin Arabako lautadan barrena murgildu ziren. Paraje zoragarriak, mendiak eta soro berdeak, eta bide politak, autoen joan-etorrietatik urrun. Baina bazen eragozpen bat, haizea. Izan ere, nahiz eta normalean alde jotzen zuen, horrek asko zailtzen zuen ‘Leku’ren eta ‘Beñato’ren joana, orekari eusteko esfortzu handia egin behar baitzuten.

Hortik gutxira iritsi zen eguneko ezusteko ederrena. Idiazabaldar batzuk batu ziren ekimenera, eta hanketan patinak jarrita, edo bizikletan, Alegria-Dulantziraino joan ziren, monoziklisten aldamenean. Tropeltxo polita osatu zuten tarte horretan eta elkarrekin bazkaldu zuten gero, Gereñuko Bolatokian.

Alegria-Dulantzin egin zuten hurrengo geldialdia. Han, beste sorpresa bat izan zuten. Hika Mika tabernan atseden hartu zuten. Monozikloz Herrira ekimenaren baitan “parada teknikoa” egiten ari zirela eta, tabernariak gonbidatu egin zien monoziklistei eta haiekin batera zihoan tropel osoari. Beste keinu bat gehiago Gasteizerako bidea xamurtzeko.

Izan ere, oso gutxi geratzen zen eguneko helmugara, eta ekimenaren bigarren “check point”era, iristeko. Gasteiztik gertu, trafikoa handitu egin zen eta monozikloekin batera zihoazen autoek ezin izan zuten hirukoteari laguntza ematen jarraitu. Hori horrela, monoziklistak bakarrik sartu ziren hirian.

Jada Gasteizen zeuden eta Gaztetxera iristea bakarrik falta zen. Hasierako ibilbidea aldatuta eta bi orduko atzerapenarekin… hor agertu ziren ‘Leku’ eta ‘Beñato’ Gasteizko Gaztetxearen atarira Euskal Presoak etxeratzeko aldarrikapena eskuetan!

Presoen senideek bisitetarako egiten dituzten bidaietan gertatzen den moduan, bidea luzea eta gogorra egin zen, eta bisitaren ilusioa pasata, geratzen denarekin oroitzea eta aurrera egitea besterik ez da gelditzen.