Frankismoko memoria historikoa eraikitzeko testigantza bila, Ordizian

Ordizian bertan

 

Itzalean geratutakoa ezagutu dezagun, jasandako mina aitortu eta errepara dezagun..., zuen memoria ezinbestekoa da.

Ordizian herri ekimenez, Udalaren babesarekin eta Aranzadiren laguntzarekin, 1936ko altxamendua eta frankismoko lehen urteak aztertzen ari gara ordiziar talde bat. Helburua bikoitza da. Bata, gure memoria historiko edota kolektiboa berreraikitzea. Bortizkeriaz eta beldurrez hamarkada luzetan ezkutarazi dutena ezagutzera eman nahi dugu. Bigarrena, hainbat eta hainbat ordiziarrek jasandako mina aitortu eta erreparatu dadin eragin nahi dugu.

Gure lanaren abiapuntua izan da garai hartako testimonio zuzenak jasotzea elkarrizketak eginez eta grabatuz, eta artxiboetan ikerketa lana egitea. Hainbat ordiziar elkarrizketatu ditugu, eta osatzen ari gara ordiziar gudarien, milizianoen, gerrako haurren… zerrendak.

Lana hasi baino ez dugu egin. Badakigu Ordizian badela jendea testigantzak eta informazioa eskain diezagutenak, garai haiek bizi izan zituztelako edota orduko kontuak ezagutzen dituztelako. Badakigu Ordiziako hainbat etxetan orduko argazkiak eta dokumentuak badirela. Horiek guztiak beharrezkoak dira lan hau egiten jarraitzeko.

Lan hau burutzen ari den taldearen asmoa da batetik bildutako informazioa ezagutzera ematea ikus entzunezko bat eta liburuxka bat editatuz. Eta bestetik, ekitaldi herritar eta instituzional bat antolatzea biktima hauek merezi duten aitortza eta erreparazioa jaso dezaten.

Zuen laguntza, zuen senitarteko bizilagun edota lagunena, ezinbestekoa da. Edozein modutara edozein ekarpen egin badezakezu (testigantzaren bat, dokumentu edota argazkiren bat…), ezertan lagun badiezagukezu edota lagun diezagukeen inor ezagutzen baduzu, jar zaitez harremanetan gurekin honako moduren batean:

Telefonoz:       658716799 (Beñat Garmendia)

Helbide elektronikoz:     Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu