"EHk bakea behar du" lelopean elkarretaratzea larunbatean

Askatasun ahotsa

Ikasle Abertzaleak, ESAIT, Herrira, ESK, LAB, Gorripidea, SORTU, Bilgune Feminista, Eusko Alkartasuna, Stee-Eilas, Etxerat, Aralar eta Alternatibak prentsaurrekoa eman dute Donostian. Bertan, deialdi bat luzatu dute larunbat honetarako. ‘Euskal Herriak bakea behar du’ lelopean elkarretaratzean deitu dituzte herri guztietako udaletxeen aurrean, eguerdiko 12.30ean. Ordizian ere, udaletxe aurrean egingo dugu 12:30ean.

 

Euren esanetan euskal gizarteak «urte luzetan eta modu oso ezberdinetan» erakutsi du bake iraunkorra nahi duela, eta horren adibide bezala jarri du Aieteko konferentziaren ostean sortu zen «itxaropena».

Alta, espainiar eta frantses estatuek «aurreko egoerari zegozkion erantzunak ematen dizkiote egoera politiko berriari», eragileon esanetan. «Ez dago beraien jardunean aurrerapauso bat bera ere», salatu dute.

Estatuen euskal jendartearen itxaropena «zapuztu» nahi dutela kritikatu dute, baina «guk ez diegu utziko», esan dute ozen. Era berean, Euskal Herriko jendartearen aurrean «aukera historiko hau» galarazten ez uzteko eta konponbidea bultzatzeko konpromisoa baieztatu nahi izan dute.