Monozikoz Herrira, Ordiziatik Bilbora: Beste urrats bat, bide luzean

Askatasun ahotsa

 

Ekainaren 1ean Ordiziatik Bilbora joan ziren monoziklo gainean Jon Lekuona eta Beñat Otegi, euskal preso politikoen sakabanaketa salatzeko ekimenaren baitan. Ekimenaren hirugarren kapitulua izan zen larunbatekoa, orain arteko luzeena (ia 100 km), Iruñera eta Gasteiza egindako bidaien ondoren.

Bidea luzea izango zela jakinda, inoiz baino lehenago abiatu ziren monoziklistak eta haiekin joango zen babes taldea. Izan ere, goizeko 04:00etan abiatu ziren Ordiziako Herriko tabernatik, eguraldia lagun (ateri zegoen, ez zen gutxi).

Aurrekoetan esan izan duten moduan, presoen senideek ez dute aukeratzen eguraldia bisitak egitera joateko, eta ekimen honetan ere filosofia horri eusten zaio, eta euria edo elurra egin, aurrera egiten dute helmugaraino.

Goizeko lauetan abiatuta, lehenengo orduak ilunetan egin zituzten, eta ziztu bizian igaro zituzten Beasain, Ormaiztegi eta Ezkio-Itsaso. Gero, Zumarragara igotzeko maldetan, Eitzan, 'Leku' eta 'Beñato'ren erritmoari ezin segi ibili zen 'Txito' bizikletaren gainean; beraz, indartsu hasi zuten monoziklistek ibilbidea.


Hori horrela, lehenengo koska pasata, segituan iritsi ziren Legazpira. Oraindik erdi lo edo, erorketa batzuk izan zituzten, baina aparteko ezer ez... Taldean umore pixka bat jartzeko.

Oraindik gaua zen, lainoa sartu zen Udanan, eta euria ari zuen. Hala ere, aurreikuspenak betetzen ari ziren eta Oñatira jaisteko bidea espero baino lehenago hasi zuten. Orduan hasi zen eguna argitzen, eta abiada bizian jaitsi ahal izan zuten Udana. Oñatin berriro gosaldu zuten, goizeko zortziak baino lehenago. Han, bizikleta bat lapurtzen ari ziren udaltzain batzuk (?????), Monozikloz Herrira ekimena ezagutzen zutenak, animoak eman zizkieten.


Oñatitik Arrasatera joateko bidea ez zuten oso garbi, baina sorpresa ederra hartu zuten, ibilbide osoko zati politena orduan egin baitzuten. Oñatitik Arrasatera bidegorrian joan ziren, errekaren ondoan, zuhaitz artean, tunelak igaroz.


Arrasaten, ordea, beste puntu kritiko batera iritsi ziren, Kanpazar igo behar baitzuten Elorriora iristeko. Maldak pikoak ziren eta mendatea luze joan zen, 'Txito'k ezin izan zuen gehiago (bizikletan baino hobea da bizkotxoa egiten), eta ezin izan zien monoziklistei Elorrioraino bizikletan jarraitu. 'Leku' eta 'Beñat', ordea, indartsu zihoazenen, eta oso motibatuta, Elorriora aurreikusitakoa baino lehenago iritsiko zirela ikusita.

Bizkaian sartuta, lehenengo deskantsu luzea egin zuten, Elorrioko Herrikoan. Kafea eta pintxoa esker onez jan zuten, baita bertakoen animoak ere; zati zailena geratzen baitzen, trafiko handiko errepidea Durangoraino, eta N-634 errepidea Bilboraino. Zati horretan, bidelagun berria izan zuten monoziklistek, Ekain. Hainbeste urte eta gero bizikletan ibili gabe (baten batek bi gurpil txiki jartzea proposatu zuen), ondo moldatu zen gandik Bilboraino iristeko.

Durangon Anek prestatutako pasta entsalada (klasiko bat dagoeneko) bapo jan, eta gorputzak behar zuen energia hartuta, indarberrituta ekin zioten azken txanpari. Azkeneko zati hau oso gogorra izan zen, trafikoa handia zen eta paisaiak ez ziren oso ederrak... Baina kilometroak egin eta egin, erritmo bizi bizian jarraitzen zuten, eta espero baino lehenago iritsiko zirela ikusteak ez zuen etsipenerako tarterik uzten.


Bilbo Handian sartu, Galdakao pasata eta pare bat geldialdi gehiago eginda, helmuga begi bistan zuten. Otxarkoagan amaitu behar zuten ibilbidea, Arantxa Garbayo preso politiko askatu berriari harrera egin behar baitzioten bertan, eta monoziklistek bat egin nahi zuten preso bilbotarraren omenaldiarekin.

Baina Otxarkoagak tranpa bat zuen, aldapa itzela bertara iristeko. 'Beñato'k eta 'Leku'k aldapa hori "broma" izan ote zen galdetu zuten ironiaz; nekea muturreraino eraman zuten.

Baina Otxarkoagan jasotako txalo zaparradak irribarrea atera zien monoziklistei, eta ohartu ziren beste pauso bat ematen ari zirela presoak etxeratzeko aldarrikapenean, eta helburu hori lortzeko beren partetik egiten ari ziren esfortzuak jendearen errekonozimendua jaso zuela.

Monoziklistak iritsi baino geroago, Arantxa Garbayo presoa ailegatu zen, eguneko protagonista nagusia. Izan ere, Monozikloz Herrira ekimenak horixe aldarrikatu nahi du, presoek etxean behar dutela, eta poz handia izan zen beste preso politiko bat etxean ikustea.

Bidea luzea izango da, preso guztiak etxeratu artekoa, eta 'Leku'k eta 'Beñato'k beren urratsak ematen jarraituko dute; hurrengoan Ipar Euskal Herrira begira jarriko dira.