Hainbat arrazoi ondo egiteko

Ordizian bertan

Hilaren 22an hamarnaka herritar elkartu ziren Ordiziako plazan atez atekoari babesa emateko. Bertan Zero zabor taldeak agiri bat irakurri zuten atez atekoaren aldeko arrazoi tekniko eta etikoak azaldfuz. Era berean,  atez atekoaren aurkako kontsultan parte ez hartzera deitu zuten, argudiatuz ezin direla emaitza onak eta txarrak lortzen dituzten bi sistema kontsultara eraman.

Atez atekoaren aldeko ONDO EGITERA GOAZ leloak bi ideia nagusi biltzen ditu bere baitan. Bata teknikoa, eta etikoa bestea.

Ikuspegi teknikotik, “ondo egitearekin” ulertzen dugu bilketa sistema ezberdinak aztertzea, konparatzea eta birziklatze tasarik altuena eta errefusa gutxiena lortzen dituena aukeratzea. Lan hori eginda dago, eta datuek eta hainbat herritako esperientziek erakusten dute atez atekoa dela sistemarik onena.

Baina lelo horrek badu balio etiko eta soziala ere. Ordizia komunitate bizi eta aktiboa da. Etengabe erakusten dugu hainbat eta hainbat arlotan ordiziarron gaitasuna proiektu komunak, herritar guztientzat onuragarri direnak aurrera ateratzeko. Hezkuntza arloan, euskara eta kulturaren arloetan, kirolean, babesik gutxien duten kolektiboen mesedetan… gai gara konprometitzeko. Zergatik? Komunitate ikuspegia dugulako eta gure zilborraz haratago, gure herrikideez eta haurrez arduratzen garelako.

Arlo horietan ekintzaile izatera bultzatzen gaituen printzipioa da gauzak hobetu ditzakegula. Eta gauzak ondo egin baditzakegu, ondo egiteko obligazioa dugu. Ala, onartuko al genuke ikastetxe batean sistema pedagogiko bat ezartzea jakinda emaitza okerragoak lortzen dituela? Onartuko al genuke gure haurren osasunaren gainetik farmazeutiken interesak defendatzen dituen medikua? Onartuko al genuke erosotasunagatik ibaiak eta airea kutsatzen dituen praktikak gure enpresetan?

Zabor eta hondakinen auzian ere bada halako obligazio etiko eta soziala. Eta auzia kolektiboa eta indibiduala da aldi berean. Kolektiboa da, arazo larria sortzen ari dena gure gizarteko produkzio eta kontsumo sistema bera delako. Eta beraz, sistema hori aldatu behar dugu araudiak egokituz eta heziketaren bidez. Eta indibiduala da, gutako bakoitzak, gure etxe eta lantokietan sortzen dugulako zaborra. Horrexegatik, gutako bakoitzak dauka bere mailan etxean hondakinak gaika biltzeko erantzukizuna.

Ingurumenagatik, osasunagatik eta ekonomiagatik, atez ateko sistema hobea bada, herritarron eta erakundeen obligazioa izan behar da sistema hori ezartzea. Horrela ez egitea zabar, utzikeriaz eta arduragabekeriaz jokatzea izango litzateke.

Badator atez atekoa Ordiziara. Baita Goierriko hainbat herritara ere. Aukera paregabea dugu gauzak ederki ez, primeran egiteko. Eta Goierri eta Sasieta mundu mailan erreferente garbi bihurtzeko. Horretarako, beste behin, gogora ekarri nahi dugu arlo askotan gure herriaren izpiritua adierazten duen leloa: ezina, ekinez egina.