BILDUk kontsultan ez parte hartzeko deia egin du

Ordizian bertan

Gaur, astearte 25, Ordiziako BILDUk prentsaurrekoa eman du atez atekoaren aurkako kontsultaren inguko balorazioa egiteko. Batetik, kontsultan parte ez hartzera deitu ditu ordiziarrak ez dituelako berme demoklratikorik. Bestetik, mahaietan egongo dela aurreratu du, Zizurkilen eman den iruzurra (bideo bat, bigarren bideoa) ematen ote den kontrolatzeko eta datu zuzenak izateko.

BILDUk ez dio zilegitasunik ematen Atez Atekoaren aurkako kontsultari

Ordiziako BILDUk ez dio zilegitasunik aitortzen atez atekoaren aurkako plataformak PNVk eta PSE-EEk sustatuta antolatu duen kontsultari. Guk ez dugu bozketan parte hartuko. Hamaika arrazoi ditugu bozketa horretan parte ez hartzeko, eta horixe eskatzen diegu herritarrei.

Zergatik gaude kontsulta horren aurka?

1. Galdera ez delako zuzena eta teknikoki pareka ezin diren bi sistema parekatzen dituelako: Zer nahiago duzu, atez atekoa ala bosgarren edukiontzia?

·   Ordizian duela hiru urtetik dugu 5. edukiontzia eta ez du funtzionatzen: soilik organikoaren %5 biltzen dugu (edukiontzi guztiekin %36 bakarrik).

·     Frogatuta dago atez atekoarekin %80 birziklatzen dela, borondatezko edukiontziekin gehienez %40. Tasa edo emaitza horietan dago gakoa.

2. Kutsatzea ez delako eskubide bat.

·   Gaur egun dugun edukiontzien sistemak posible egiten du birziklatzeko borondaterik ez duenak ez birziklatzea, eta beraz, kutsatzen jarraitzea.

·   Orain arteko edukiontzi sistemak errauskailua eta zabortegi toxikoak behar ditu. Atez ateko sistemak ez du errauskailurik ez zabortegi toxikorik behar.

3. Erakunde publikoek ezin dutelako “balizko borondate ona”-ren arabera lan egin. Are gutxiago, hori egin eta porrota jaso denean (hor daude egungo datuak).

·   Gure gizartean zerga sistema, zerbitzu publikoak… ez dira oinarritzen herritarren “borondate onean”, “askatasunean” edota “heziketa kanpainetan”.

·   Gizarte kohesionatu, justu eta osasuntsuagoa eraikitzea ezin da soilik borondate onaren menpe utzi. Helburuak, konpromisoak eta arauak behar dira.

4. Kontsulta honen antolatzaileek uko egin diotelako Udalaren parte hartze prozesuan parte hartzeari eta guztion artean gauzak adosteari.

·    Bozketa garbi bat bezain demokratikoa da, edo are gehiago, herritarrekin batera burututako parte hartze prozesu bat. Plataforma helburu bakarrean tematu da: ez ezartzea atez atekoa eta gaur egungo sistema bera mantentzea.

5. Edozein bozketa demokratikoren arau minimoak hausten dituelako eta iruzur politiko eta etikoari bidea ematen diolako. Hori agerian geratu da, esaterako, Zizurkilen burutu duten kontsultan.

·    Ez dakigu zein zentsu erabiliko duten, nola kontrolatuko duten botoa…“pertsona bat, boto bat“ sistema alde batera utzi eta “boto delegatua” erabiliko omen dute: pertsona batek nahi adina boto emango ditu, horretarako baimena jaso duela dioen papera aurkezte hutsarekin etab.

·   Kontsulta antolatuta dagoen moduan, herri borondateari eta herri kontsultak izan behar dutenei burla egitea da.  Noiz agertu diote errespetua PNVk eta PSE-EE herri borondateari? Boroan? Jaizkibelen? Oiangun? AHTaren kasuan? Tentsio handiko linean?

Garbi ikusten dugu kontsulta hau PNVk eta PSE-EEk sustatu duela Udalak gehiengo osoz eta demokratikoki hartutako erabaki baten aurka eta BILDUren aurka egiteko. Kontsulta manipulatu hau, gainera, ez da Ordizian erabaki. Herritik kanpora antolatu dute. Egutegia, karta azalak, galdera bera, papeletak… ikusita, agerian dago kontsulta hau PNVk herrialde mailan daraman estrategia antolatu baten parte besterik ez dela, herritarrez baliatu nahi duena beren interes alderdikoiak aurrera ateratzeko.

Hala ere, BILDU bozketa mahaietan egongo da.

Aipatutako arrazoi guztiengatik, BILDUk ez du parte hartuko kontsulta horretan; baina bozketa mahaietan egongo gara gertatzen den guztiaren akta zorrotz hartzen. Eta hala egingo dugu, esan bezala, bozketa-prozesu horrek ez baitu gutxieneko bermerik ematen. Bozketa prozesu osoa gainbegiratu nahi dugu, eta jakin nahi dugu, beste hainbat herritan gertatu den moduan, zein irregulartasun ematen den, nori aitortzen zaion boto eskubidea, zenbat boto delegatu onartzen den, Ordiziatik kanpokoak botorik ematen ote duten…

 

Bozketaren ondoren BILDUk prozedura osoa eta emaitzak aztertu, eta gure ondorioak atera eta balorazioa egingo dugu.

 

Dena den, aurreratu nahi dugu Ordiziako Udal Gobernuak BILDU osatzen duten alderdien babes osoa duela. Udalak hartu duen erabakia guztiz legitimoa izateaz gain, gehiengo abtsolutoz hartua da eta Udalak du erabaki hori hartzeko eskumena eta ardura. Herritarren ardura zibikoa eta etikoa hondakinak gaika bereiztea da, eta Udalarena eta Sasietarena horiek gaika jasotzea eta tratamendua ematea. Ordizian herritarrak eta Udala ondo egiteko bidean gaude, eta ez dugu onartuko inondik inora interes egoista, partidista edota ekonomikoengatik gaur egungo birziklatze tasa besterik ziurtatzen ez duen sistemarik.