PNV eta PSEren maniobra politikoei bizkarra emanda, ordiziarrek aukera eman nahi diote atez atekoari

Ordizian bertan

Ordiziako BILDUk hilaren 2an egin du publiko atez atekoaren aurkako plataformak antolatutako kontsultaren inguruko balorazioa. Hiru ideia nagusi azpimarratu ditu. Bata, PNV eta PSE-EEren estrategia manipulatzaileak porrot egin duela. Bigarrena, ordiziar gehienak atez atekoari aukera ematearen aldeko direla. Eta hirugarrena, egunotan normaltasun osoz eta herritarren kolaborazioarekin ari garela ematen atez atekoa ezartzeko azken urratsak.

Ordizian pasa den asteburuan izandako herri kontsulten aurrean, Bilduren izenean zera adierazi nahi dugu:

 

    1. Herri kontsulta oso tresna serioa da, herri borondatearen isla den neurrian errespetua zor zaio beti. Baina egun hauetan ikusi dugu EAJk eta PSEk tresna demokratiko hau arma politiko bezala erabili dutela. Hondakinen arazoa konpontzeko baino gehiago korapilatzeko erabili nahi izan da galdeketa hau. Edozein kasutan, argi geratu da EAJk eta PSEk ez dutela lortu zuten helburua. Beren maniobra politikoa gaizki atera zaie. 
    2. Herri kontsultan herrian erroldatuta dauden 7.971 herritarretatik 2.488 joan dira zuzenean botoa ematera mahaietara. Eta, beraz, ez dira joan 5.483. Emaitza hauek ikusita, eta kontuan izanda azken asteotan herrian izan diren hainbat ekimen (kontsultaz gain, parte hartze prozesua, ezarpen fasean eta kuboen bilketan herritarrek izan duten jarrera…), ondorioztatzen dugu ordiziarrok aukera eman nahi diogula atez atekoari. 
    3. EAJk eta PSEk herri kontsultak egiteko erabili duten formula honekiko oso kritiko gara. Ez da onargarria bere burua demokratikotzat jotzen duten alderdi horiek demokraziaren urrezko araua, hau da, “pertsona bat - boto bat”, lotsagabeki haustea. Boto delegatua kontsultaren emaitzak gizentzeko elementu bezala erabili dute. Eta hala eta guztiz ere, ez dute bere helburua bete.
    4. EAJk eta PSEk kontsultaren datuak puztu egin dituzte. Zergatik ematen dute zentsuaren araberako portzentajea, baldin eta zentsatuta ez dagoen ehunka pertsonari bozkatzeko aukera eman bazaio? Antolatzaileek %40eko parte-hartzea eman zuten, baina botoa eman zezaketen guztiak (zentsatuak eta erroldatuak) eta boto delegatua kontuan hartuta, parte hartzea %35ekoa izan da. Eta boto delegaturik gabe, %31´21a baino ez.
    5. Datu faltsuekin jokatzea eta atez atekoaren aurkako manipulazio mediatikoa izan da EAJ eta PSEren apustua. Baina medio publiko eta pribatu nagusiak bere alde izanda ere, ez dute beraien helburua lortu. Intoxikazio kanpainak ere porrot egin du. Gezurrak eta eztabaida partidistak alde batera utzi eta konponbideari heltzeko garaia da. Horregatik, PNV eta PSE alderdiak deitzen ditugu hondakinen konponbideari heltzera. Bide horretan EH Bilduren laguntza aurkituko dute.

 

Bukatzeko, esan behar dugu Ordizian erabili den herri kontsultaren eredua ez dela gure eredua, inondik inora, iruzurrari bidea irekitzen diolako. Gu herritarren parte hartzearen alde gaude eta bultzatu egiten dugu, baina ez hondakinen kontuan bakarrik, beste gai batzuetan ere bai. Legealdiaren bi urte hauetan hori demostratu dugu eta jarraituko dugu demostratzen.