Oria ibaia garbitzera joateko deia egin du OGAk, larunbaterako

Ordizian bertan

Ordiziako Gazte Asanbladak Oria ibaia garbitzeko ekimena antolatu du larunbat honetarako, iralaren 14rako. Herritar guztiak gonbidatu eta animatu ditu auzolan ekintza horretan parte hartzera. Hitzordua larunbatean izango da, 09:00etan, suhiltzaileen egoitza zaharraren aldamenean (Eskarabillan).

Oria ibaia ez da 80ko hamarkadan ikusten genuen erreka zikina, baina hondakinak pilatu egiten dira bazter guztietan. Horrek, kalte ekologiko eta paisajistikoa handia egiten du, Ordizia ibai horren inguruan altxatu baita.

Gainera, kontuan izan behar da Maribaratzan AHT eraikitzeko egiten ari diren lanen ondorioz, hondakin asko isurtzen dela ibaira eta, azkenean, dena Ordiziako sarreran pilatzen dela.

Hori guztia kontuan izanda, argi dago, eta begibistakoa da, ibaiak ez duela nahiko genukeen itxura. Beraz, kasu honetan, herritarrek hartuko dute ekimena eta auzolanean, umore onean, herria zeharkatzen duen ibaiaren egoera eta itxura hobetzen saiatuko dira.