Hurrengo egunetako ekimenak

Askatasun ahotsa

Auzitegi Nazionalaren aginduz Guardia zibilak Herrirako 18 kide atxilotu zituen atzo. Konponbiderako lanean ari garen herritar ororen aurkako erasoa. Eraso bortitza eta gogorra.

Halako erasoaren aurrean, tamainako erantzuna eman behar dugu. Guztiok erantzun behar dugu, eta guztiok hartu behar dugu parte erantzun hori prestatzen.

Atzo bertan, EH Bildu, Geroa Bai eta EB alderdiek, besteak beste; Lokarri eta Udalbiltza elkarteek; ELA, LAB, STEE eta ESK sindikatuek eta beste hainbat eragilek salatu zuten sarekada.

Eta gaur goizean Bilbon egin berri den agerraldi jendetsuan manifestaziorako deia egin dute larunbat honetarako Alternatiba, Aralar, Askapena, Bai Euskal Herrirari, Behatokia, Bilgune Feminista, CGT, Egiari Zor Fundazioa, EHNE, ELA, Eleak mugimendua, Elkartzen, EPPK bitartekaritza, Erabaki, Ernai, ESAIT, ESK, Eskubideak, Etxerat, Euskal Herrian Euskaraz, Eusko Alkartasuna, Ezker Batua, GITE-IPES, Gorripide, HIRU, Ikasle Abertzaleak, Joxemi Zumalabe Fundazioa, Komite Internazionalistak, LAB, Sare antifaxista, Sortu, EILAS, Taupaka sortzaileon elkartea, Torturaren Aurkako Taldea talde, eragile, alderdi zein elkarteek. Halaber, erantzun zabal eta irmoa emateko beharra azpimarratu dute hauek guztiek ere.

Ordizian ere gero eta gehiago izango gara. Gaur, 20:00etan, atzo bezala, elkarretaratzea egingo dugu plazan. Eta bihar, urriak 2, ordu berean batzarra egiteko baliatuko dugu elkarretaratzea.

Asteazkeneko batzarrean asteburura bitarteko ekintzak adostu eta prestatuko ditugu. Eta horregatik dei berezia egin nahi dizuegu herriko talde, elkarte, alderdi politiko, sindikatu, eragile eta herritar orori. Haserrea adierazteaz gain, behar den moduko erantzun bateratua eman dezagun.

Gogoratu:

  • Gaur, urriak 1, iluntzeko 20:00etan elkarretaratzea herriko plazan.

  • Bihar, urriak 2, iluntzeko 20:00etan elkarretaratzea eta batzarra herriko plazan hurrengo ekimenak zehazteko.

  • Larunbatean, urriak 5, manifestazioa 17:30ean Bilboko La Casillatik abiatuta. Autobuserako ohiko tokietan eman izena.