Mariela ez dago bakarrik

EH ezkerretik eraikiz

Mariela urtarrilaren 29an joan da Ordiziako Kutxako bulegora. Marielak badaki iruzur handi bat ari dela jasaten; badaki etxebizitzaren jabetza galduko duela; badaki kale gorrian gera daitekeela eta, hala ere, bankuarekin zorretan... Inork baino hobeto daki hori guztia. Mariela ez da bakarrik egon; babestuta egon da. Baina horrelako bidegabekeriak gelditu nahi baditugu, Marielak eta bere egoera berean direnek babesa baino gehiago behar dute. Hau geldiarazteko guztion konpromisoa eta borroka behar dira. Posible da, eta tinko eginez gero, lortuko dugu.

Goierrin etxegabetze ugari ari dira gertatzen, baita Ordizian bertan ere. Gaur Plaza Nagusiko KUTXAren bulego aurrean egin den elkarretaratzearekin salatu nahi izan da familia askok bizi duten egoera larria, eta zehazki Mariela Herrera Ordiziako bizilagunak bizi duena.

Marielaren etxean sei kide bizi dira, baina berak bakarrik egiten du lan. Hipoteka ordaindi ezinik, etxearen jabetza dagoeneko bankuarena da. Baina hala ere, Marielak 123.000 euroko zorra dauka. Izan ere, orain bankuek erosi zuenean baino balio gutxiago eman diote etxeari.

Gaur Mariela Kutxaren bulegoan sartu da Etxe kaleratzeak STOP plataformako bi kideren laguntzaz, eta bankuari eskatu dio etxea bera itzulita zorra ordaindutzat eman dezala. Eskaera hori onartua izan dadila eskatzeaz gain, elkarretaratuek eskatu dute halako kasutan diren herritarrentzat alokairu sozialeko etxeak izatea.

Plataformako kideek Ordiziako alkatearekin bilera egin berria dute eskatzeko eta aztertzeko zer egin daitekeen hutsik dauden etxebizitzak alokairuan ateratzeko eta alokairu sozialeko etxebizitzak egokitzeko beharrik larrienak dituztenentzat. Onartezina delako etxebizitzak hutsik dauden bitartean, etxerik ez duten herritarrak izatea.