Hau ez da Ainhoarentzako eskutitz bat

Iritziak

Kaixo Ainhoa, beste ezer baino lehen besarkada eta muxu handi bat. 

Egun hauetan kenduko dituzu herriko hainbat elkartetan egon diren zure argazkiak. Eskerrak! Lagun maite bat gehiago gure artean, eta argazki itsusi bat gutxiago hormetan.

 

Izan ere, foto-matoiko itxurako argazki horiek ez dira batere politak, nahiz eta izugarrizko indarra eta balioa eduki. Zenbat emozio pizten dituzten, zenbat lagun mugitzen, zenbat ekimen bultzatzen! Eta hauxe bai paradoxa: zuen argazkiak ahalik eta azkarren bistatik kendu nahia, eta aldi berean, beti presente edukitzeko beharra.

 

 

Orain zure argazkiak kendutakoan, horma horietako batera begiratzen dugunean hutsunea antzemango dugu. Berriz ere zure argazkiz bete nahiko genukeen hutsunea. Baina ez foto-matoiko argazki tristeekin, kolorez betetako Ainhoaren argazki biziekin baizik.

 

 

Eta argazki horietan imajinatzen zaitugu Zabalen porruak landatzen, Ani eta Patxi aldamenean purrustadaka dituzula ez duzulako ilara zuzen egiten. Zein purrustada goxo!

 

Imajinatzen zaitugu Axierrekin korrika saio bat egiten, zu arin, hura, ordea, arnas estuka. Ez ezazu ito gero!

 

Imajinatzen zaitugu ilobekin parkean jolasen. Zenbat dugun haurrengandik ikasteko, eta haiek zenbat zugandik!

 

Imajinatzen zaitugu buzoa jantzita lanean, eta baita martxoaren 8ko emakumeen afariko parrandan. Imajinatzen zaitugu sukaldeko bata bat jantzita Erramun eta Agusen ondoan, sukaldekoak baino gehiago, bizitza positiboki eramateko errezetak entzuten. Imaginatzen zaitugu Amets Bide dantza taldean, Amaia eta Izaro irakasle dituzula; Patxi edo Anjeltxorekin musean, aitortzen ez diren keinuak egiten; Ojo eta Aloñarekin Perineotan, hiru milako tontorren batean; Oteizabalekoren batekin (izango duzu non aukeratu, alajaina!) kafetxo bat hartzen... Imajinatzen zaitugu patxada ederrean bakarrik Alotzako zelaietan paseatzen, eta baita lagunartean Menorkako hondartza batean ere.

 

Argazki horiek dira guk guztiok hemendik aurrera ikusi nahi ditugunak. Baina argazki horiek ez dira zure argazkiak, ez behintzat zureak bakarrik. Argazki horiek gureak dira, guztiok izan behar dugulako protagonista.

 

Oharra:

Hau ez da Ainhoarentzako eskutitza. Ainhoarentzako besarkada eta muxuak dira, hitzak, berriz, besteontzat dira, argazki horiek ikusi ahal izateko guztiok baitugu zer egina.