Gerturatu ez zaren goierritar horri: hurrengoan etorri!

Iritziak

Aspaldiko partez, larunbat goiza ederki pasa dudanaren sentsazioa dut. Benetako sentsazioa, barnetik ondo sentiarazten zaituen horietakoa. Pertsonengan konfidantza berreskurarazten dizuten horietakoa.

Bizitza eta bizimodua beste era batera bizi eta antolatzeko aukera erreala dela sentiarazten dizuten horietakoa. Sentitu diot, pentsatu asko pentsatzen baitugu, barne-barnetik mugiarazten gaituen sentimendua, ordea, beste gauza bat baita.

Ariketa, izatez, sinplea: goierritar multzo bat bildu eta hizketan aritu gara. Ez dugu inongo erabakirik hartu, ez eta iraultzarik egin ere: elkar entzun, ulertu eta eztabaidatu besterik ez dugu egin. Ariketa sinplea bai, baina oso ondo antolatua.

Gaur Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartaren ekimenean izan naiz. Goierriko lehen eztabaidan. Gaiak oso interesgarriak: lurralde eta ingurumen eskubideak, lanari loturiko eskubideak, eskubide ekonomikoak eta eskubide sozialak. Metodologia bikaina: erabat parte-hartzailea. Giroa, ezin hobea (zorionak antolatzaileei!). Talde txikitan eztabaidatzen eta elkarri hitza hartzen aritu gara, gaiak potoloak bai eta ideia asko mahai gainean. Baina ideia orokor argi bat: egungo eredua ez dugu gustuko eta beste bat eraiki behar dugu. Eraikuntza horretarako, ezinbestean, herritarron arteko elkarlana behar dugu. Eta gaurkoa ariketa polita izan da, hainbat herri eta sektoretako goierritarrak elkartu eta eztabaidarako oinarria saretzen aritu baikara.

Hurrengoa martxoaren 1ean izango da eta deialdi berezi bat egin nahiko nieke Goierriko feminista guztiei, beste hainbat gai interesgarriren artean, bizitzari eusteko lanez eta indarkeriarik gabeko bizimodu askeaz hitz egingo baitugu, eta horretan, beste gai guztietan bezalaxe, zeresan handia baitugu. Beraz, ez pentsatu bi aldiz eta hurrengoan etorri!