Pertsona naiz, ez transexuala

Iritziak

Testu hau Maddi Imaz gazte beasaindarrak irakurri du martxoaren 1eko Eskubide Sozialen Kartaren Beasaingo bileran. Bere ahizpa Ibane, mutil gorputzarekin jaio zen neska gazte transexuala da. Baina beste ezer baino lehen, beste ezeren aurretik, Ibane pertsona da. Bere eskubideen alde gogor borrokatu behar izan duen pertsona. Izan ere, Ibanek familiaren babesa eta bere eskubideen defentsan konprometitu ziren hainbat espezialisten laguntza izan badu ere, konprentsio falta, bazterketa eta irainei ere aurre egin behar izan die. Testigantza hunkigarria izan da. Eskerrik asko irakaspenarengatik.

 

 

Transexualitatea, nola ikusten dugu? Gaur egun pena bada ere, ez dakigu hitz honen benetako esanahia, gertutik ikusten dugunean arte. Transexualitatea ez da gaixotasun bat jende askok pentsatzen duen bezala, trastorno genetiko bat da, hormonak desbideratzearen eraginez gertatzen dena. Gertutasunean bizitzen dugunean, prozesu oso gorra bilakatzen da. Lehenik eta behin argi izan behar duguna da transexualak diren pertsonak ez direla jaiotzen diren sexukoak sentitzen, baizik eta kontrakoa; gizon jaiotzen dena emakume sentitzen da, eta emakume jaiotzen dena gizon. Orduan, jarri al zarete inoiz pentsatzen zer prozesu ematen den? Zer sufrimendu jasan dezaketen pertsona hauek? Nolakoa den bizitza beraien ingurukoentzat?


Prozesua ez da batere erraza, lehenik eta behin zure gorputz eta buruak onartu egin behar du bizi duzun errealitatea, hau da, gizon naiz eta nire buru zein bihotza emakume sentitzen da, nire ahizparen kasuan. Bera txikia zenetik ikusi izan dugu, beti neskaz mozorrotzen zen, neskekin jolastea gustatzen zitzaion, nesken jokoak, uneoro takoizko zapatak jartzen zituen, eta etxean momentu guztietan nesken jantziak eramaten zituen, baina arazo bat zegoen: mutila zen, sexuz noski ze bere barnean neska txiki bat aurkitzen zen. Ez da soilik jokatzeko modua baizik eta sentitzekoa, berak ala sentitzen baitzuen.


Urteak pasatzen joan ziren heinean hasi zen bere bizitza zimurtzen, bi atal garrantzitsu aipatuko ditudalarik: alde batetik, prozesua dugu, onarpena, psikologo zein psikiatretara joatea eta nola ez, ebakuntza (ondoren azalduko dut) eta bestetik gizartea, munduko drogarik okerrena nire ustez.


Prozesua oso gorra bilakatzen da, azken finean sexu aldaketa bat egitea ez da gauza erreza, hormonak hartzen dituzu, zeure metabolismoa aldatu egiten da, zeure portaera ere erabat aldakorra bilakatzen da, baina hori ez da sufrimendu handiena. Sufrimendu gehiena ematen duena gizartea baita. Imajina ezazue, prozesu hau ematea hain gorra bada, nola sentitu daiteke pertsona bat berak nahi duena izateagatik onartzen ez dutenean? Nik, ahizpa bezala oso gaizki pasatu dut, txikia zenean haur guztien ahotan aurkitzen zen “maricón” hitza, kalera irten eta inongo errespeturik gabe begiratu izan ohi die, jende guztien zurrumurruak ere nabarmenak izan dira, txistua bota izan die aurpegira, baita kaletik jipoitu ere, irakasle batek ez zion utzi gelara sartzen mutila izan eta neskez jantzita zijolako, oso oso gorra berarentzat eta baita bere ingurukoentzat ere, honek azken finean hemendik atera nahi izatera bideratu baitio. Aipatzekoa da jendeak duen hipokresia, oso erreza baita prozesua ematen ari den bitartean pertsona bat kritikatzea eta prozesu guztia pasatu ondoren bere laguna nahi izatea, argi izan, pertsona ez da aldatu, fisiko bat aldatu da. Baina garbi azaldu behar dudana da berak alde batetik zortea izan duela familiaren laguntza eta miresmen guztia izan duelako, oso datu garrantzitsua horrelako pertsonentzat, hau esaten dut laguntzarik ez duten pertsonek oraindik arazo psikologiko larriagoak izaten dituztelako.


Nire ahizparen prozesua azalduko dut orain: 15 urterekin Malagara bidaiatzen hasi, eta urtebeten, hilero kontsulta psikiatrikoak igaro behar izan zituen, legeak horrela baitio. Hurrengo pausoa hormonazioa izan zen eta honek aldaketa fisikoak izatera bultzatu zuen: titiak hazi, ilea erori… baita bere portaeran ere, hau oso aldakorra izan delako eta honek zenbait zailtasun ekarri izan ditu berarekin partekatutako egunerokotasunean. Azkenik, bere amets bat bete zen: ebakuntza. Malagara joan eta hantxe izan zen, 5 orduko ebakuntza eta 500 puntu, ikaragarri gogorra, oso ahul gelditu zen, ebakuntzaren bitartean odol asko galdu zuelako, hasieran ez zen gai ezta mugikor bat eskuetan hartzeko ere. Baina ez dugu ahaztu behar datu zoragarri bat, harrotasunez betetzen nauena niri: 20 urte izan zituela izan zuen gaitasuna horrela muturtzeko gizartearekin eta ebakuntza ondoren nahiz eta malkoa dariola atera irribarre zoragarri bat bere aurpegiaren jabe izan zen. Ebakuntza hau ez zen nahikoa izan, prozesu hormonalak bizi guztian zehar jarraitzen baitu eta kontsulta psikiatrikoak denbora luzez jarraitzen dute, bestalde, titiak oraindik ez zituen eta hemendik ere operatu beharra izan zen. Nire ahizpak pertsonalki asko sufritu zuen aurretik nahiz eta hormonak hartu ez baitzitzaizkion behar bezala hazi eta ebakuntza 0tik bezala egin behar izan zutelako. Baina hau ere gainditu zuen.


Azkenik, onarpenari buruz hitz egin behar dut, garbi izan behar baitugu onartzea dela gehien kostatzen dena, azken finean, gizarteak ez du emakume bezala ikusten, baizik eta transexual bezala eta bera ohartu egiten da ideia honetaz, orduan, oso gorra bilakatzen da bizimodu hori aurrera eramatea. Bere jaioterriari uko egiten dio, bertako gizarteak min egin dioelako. Nire ahizpa ez da transexuala, nire ahizpa pertsona da, emakumea hain zuzen, gizakia, zu, ni eta denok bezalakoxea, bere baitan bakana. Oso gorra da gizarteak orokorrean egiten dituen epaiketak pertsona bat ezagutu aurretik, eta hau baztertu beharreko puntua izan beharko zen, mutila, transexuala, trabestia, neska, hermafrodita… izan, ez baitugu ahaztu behar horren guztiaren gainetik pertsonak garela eta denok liga berdinean jokatzen dugula, bizitzako ligan.


Puntu guzti hauek jorratu ondoren ez dut idatzi hau amaitu behar zera esan gabe: arazoa ez da soilik jendearen hipokresi edo ezjakintasuna. Arazoa txikitasunetik ematen da, uneoro jaiotzen garen unetik familia eredu egokiak aita ama eta seme-alabak direla erakusten baitigute, baita sexu bakarrak neskak eta mutilak direla hori baita “normala”, horregatik, txikitasunetik ematen den hezkuntza sexu guztietara irekia izan beharko luke, baita famili-ereduen ikaskuntza ere, mota ezberdinak daudela irakatsiz, baita sexu anitzak ere, bestela gizartearen gaixotasuna etortzen delako, epaitzearen gaixotasuna eta zenbaiten sufrimendua, gizarte aske batean bizitzeko ez baitago kontzientzia baino puntu garrantzitsuagorik.