Disparate juridikoa eta bakearen aurkako erasoa

Askatasun ahotsa

Herriko Tabernen aurkako epaiketa sententziaren zain dago jada. Eta akusatuek bezalaxe, euskal herritarrok ere gure azken alegatoa egina dugu: makro epaiketak bertan behera geratu behar dira eta garai berri honetan ateak ireki behar zaizkie konponbide eta demokraziari. Alegato horrekin, euskal herritarrok epai bakarra ematen dugu ontzat: LIBRE!. Datorren asteazkenean, hilak 12, arratsaldeko 19:30ean elkarretaratzea egingo dugu Ordiziako Plazan.

 

Herriko Tabernen aurkako makro epaiketa 2002. urtean hasi zen. Instrukzio eta epaiketa nahasi eta oinarri juridikorik gabean, akusazio izugarri larriak eta zentzugabeak egin dira 34 euskal herritar eta 110 Herriko tabenen aurka, besteak beste, “garbiketa etnikoa” bultzatzeaz eta “ETAko kide izateaz” akusatu baitituzte.Tartean ditugu Ordiziako Irriki Elklartea eta Herriko Taberna.

Akusazio horiekin batera, kartzela zigor handiak eskatu zituzten. Orain, hainbat kiderentzako akusazioak kendu dituzte eta beste hainbati zigor eskaerak txikitu egin dizkiete. Baina akusazioei eutsi egin diete.

Irizpide juridikorik gabeko, akusazio pertsonalik gabeko eta inolako frogarik gabeko epaiketa izan arren, “dena ETA” da lelo zaharra jarraituz, iharduera politiko eta kultural legal eta zilegiak jada zigortzen ari dira, edozein dela ere azken sententzia.

Epaiketa honek erakutsi du estatuak modu perbersoan erabiltzen dituela epaitegiak, bakeari bidea ixteko eta bizikidetza demokratikoa oztopatzeko.

Horregatik, inoiz baino argiago eta irmoago herritarrok aldarrikatu behar dugu ASKI DELA. Eszenario poltiko berria finkatzeko eta aurrera jotzeko makro epaiketak bertan behera geratu behar dira eta politika libreari eta demokraziari ireki behar diegu bidea.

Horixek dira euskal herritarren alegatoaren hitzak. Emaitza bakarra onartzen duen alegatoa: EUSKAL HERRITARRAK LIBRE! EUSKAL HERRIA LIBRE!