Suarez, demokrazia eta erabakitze eskubidea

Iritziak

“Suárez es hijo del franquismo y la democracia es hija de Suárez; por tanto, la democracia es nieta del franquismo”. Hau irakurri nuen atzo “andaluces.es” izeneko web orri batean, Antonio Abendaño izeneko kazetari batek idatzitako artikuluan.

 

Espainiar estatuan askok hain eredugarritzat jotzen duten trantsizio saiakera, eta zergatik ez, egun sozialki zein politikoki bizi dugun egoera bi hitzetan laburbiltzeko esaldi borobila iruditu zitzaidan.


Adolfo Suarezen heriotza tarteko, komunikabide guztietan agertu diren garai haiei buruzko (kolore guztietako) iritzi-artikulu dezente irakurtzen aritu naiz eta era batera edo bestera, Euskal Herrian 1977an eta ondorengo urteetan bizi izan genituen egoera gogor baina era berean ilusionagarrietan kokatzeko beharra sentitu dut.


“Trantsizio” haren emaitza bezala, Europako beste edozein estatu demokratikoren pare egongo litzatekeen autonomien estatu monarkiko konstituzional bat saldu ohi digute. Ez dut ezer berririk esango ordea, esaten badut diktaduratik "demokraziarako" trantsizioa ez zela eman Gerra Zibileko irabazleen oinordekoen eta galtzaileen oinordekoen artean, berdinen arteko kontsentsu bidez.


Trantsizioaren bertsio ofizial hau erabat desegokia izateaz gain, ez dator bat garai hartako gertaerekin. Ez zen eredugarria izan, eta, gainera, diktadura garaian estatua kontrolatu zuten berbek  bideratu eta lideratu zuten prozesu hura. Tartean zen nola ez, hasieran aipatu dugun Adolfo Suarez frankista vs “demokrata” bera.


Ezkerreko eta indar abertzaleak klandestinitaterik ateratzen ari ziren bitartean, indar eskuindarrek kontrolatzen zituzten (eta dituzte) estatuko adar eta aparatu guztiak, eta baita komunikazio iturri gehienak ere,. Berriro diot, ez zela berdinen arteko akordio bat izan. Estatuko botere faktiko guztiak betikoen menpe kontrolpean jarraitzeko sortutako sasi demokrazia bat martxan jartzeko ongi lotutako mugimendu bat izan zen hura. Hasieran eskuindarrek eta ondoren gobernura iristea lortu zuten ezkerreko sektoreek (eta bidelagun izan dituzten beste batzuk ere bai) euren neurrira egindako sistema bat martxan jartzeko aukeratu zituzten egunotan hainbeste laudorioz jantzi duten Suarez jauna eta Francok bere oinordeko bezala aukeratu zuen Juan Carlos I erregea bera.


Gaur, orain 40 urte bezalaxe, “España una, grande y libre” hori defendatzen jarraitzen dute askok estatu mailan, eta baita batzuek Euskal Herrian ere. Hau gutxi ez, eta herri honetan onartu ez zen Konstituzioan idatzita dagoen bezala (Europan bakarrenetako izango da), armadak dauka batasun “santu” hori defendatzeko eta bermatzeko eginkizuna. Puntu hau, “trantsizio eredugarri” honetan parte hartu zuten protagonistek onartu izan duten bezala, erregeak eta armadak inposatu zuten klausuletako bat izan zen.


Indar eskuindar haien nagusitasunaren ondorioak pairatzen ari gara oraindik ere. Horietako bat, herritarrok gure etorkizuna (edozein gai dela ere) erabakitzeko eskubiderik ez izatea da. Euskal Herrian (ilegalizaturik ez gaudenean behintzat), Estatuko nazio ezberdinetan bezalaxe, demokraziak lau urtez behin bozkatzea esan nahi du.


Egoera honi buelta emateko eta autodeterminazio eskubidea gauzatu ahal izateko, herritarron aktibazioa ezinbestekoa da. Gure Esku Dago ekimenak aurrera daraman erabakitze eskubidearen inguruko dinamikak, azkeneko aste eta hilabeteetan Euskal Herriko hainbat herri eta auzotan hartu duen indarra esanguratsua da. Honi eskerrak, gutxitan ikusi den  eta hain beharrezkoa den herri aktibazioa sumatzen ari da. Ezberdinen arteko elkarlanaren bidetik urrats berri eta sakonak emateko unea da. Jarrera positibo honekin, norbanakoak zein kolektiboak diren eskubide zibil eta politikoen errespetatua lortu behar dugu. Erabakitzeko eskubidea da benetako demokrazia baten oinarrietako bat.