Gure esku dago!

Iritziak

Apirilak 2, asteazkena. Aitziber Berrueta iruindarrari elkarrizketa egin diote ETBn. Bere aita Anjel duela 10 urte hil zuten Valeriano eta Miguel de la Peña aita-semeek. Arrazoia, ondotxo dakizuen bezala, martxoaren 11ko Madrilgo atentatuen ostean, Anjelek bere okindegian “ETA EZ” zioen kartela jartzeari uko egin izana. Valerianok egin zion tiro, eta bere seme Miguelek ondoren hainbat aizkorakada eman…

 

Miguel baina… aske da gaurtik bertatik, baldintzapeko askatasunean, eta Aitziber suminduta ageri zaigu. Albiste hori gutxi izango balitz bezala, duela egun batzuk familiak Anjel oroitzeko jarri nahi izan zuen plaka kendu egin zuten Iruñeko udaltzainek, UPN nagusi den Udalaren agindua jaso ostean…


Aitziberrek, bere familiak, bere lagunarteak… ez du, ordea, benetako justizia egin arte etsiko! Euskal gizarteak berak ere inposaketa ororen gainean (Espainiako bandera EAEko eta Nafarroako udaletxeetako balkoian jarri beharra, LOMCE legea…) etsiko ez duen bezala! Geure geroaz erabakitzeko eskubidea dugu, martxoaren 29an Bilboko Casilla kiroldegian erakutsi genuen… eta ekainaren 8an Iruñea eta Durango lotuko dituen giza katean erakutsiko dugun bezala!


Izan ere, ba al da erabakitzeko eskubidea aitortzea baino ekintza demokratikorik? “Demokrazia” edota “bakea” hitza hitzetik hortzera darabilten askoren ustez, badirudi ezetz! Katalunian azaroan egiteko asmoa duten galdeketari eta hemen egin nahiko genukeenari muzin egin diote behin eta berriro Espainiako, Nafarroako Foru Erkidegoko edo Euskal Autonomia Erkidegoko hainbat politikarik, oro har, “konstituzionalista” deiturikoek! Azkenaldian, gainera, pairatzen ari garen krisialdia aitzakia hartuta, lelo bera darabilte “koruan”: “Es hora de aunar fuerzas… ¡y más en tiempos de crisis! No separar, sino aglutinar; sumar… y nunca restar”, “sentarnos en una mesa a hablar, a dialogar”. Luze eta zabal mintzatu behar omen dugu! Hori bai, beti Espainiako Konstituzioaren “aterkipean”. Bestela esanda: “Zartagina guk beti eskutik!” eta atzo, gaur eta bihar… “¡Viva Una, Grande y Libre!”.


Jarrera horri eman beharreko erantzuna ondo baino hobeto laburbiltzen du Kirmen Uribe idazle bizkaitarrak “Gure esku dago” bideokliperako osatutako testuak: Hormak eta harresiak ez ditugu maite! Elkarrekin bizi nahi dugu soilik! Ez dugu beste inor mendean hartu nahi! Etorkizuna hautatu, ez besterik!


Bideoklipa aipatu dugularik, oraindik ikusi ez dutenei gonbitea egin nahi nieke ikus dezaten, benetan ederra eta hunkigarria baita! Bejondeiela Kirmeni berari, musikaz arduratu diren Eñaut Elorrietari eta Kepa Junkerari, eta parte hartu duten abeslari eta dantzari guztiei! Eta Anjel Oiarbide, Zelai Nikolas, Xabier Euzkitze, Porrotx eta beste askori: MILA ESKER… ILUSIOA BERPIZTEN LAGUNTZEAGATIK! GURE ESKU DAGO, LAGUNOK!!!