Astronomia saioa, hegaztiak eraztuntzea eta basoei buruzko hitzaldia

EH ezkerretik eraikiz

Hurrengo asteetarako hainbat jarduera antolatu dira Oiangun: baso naturalei buruzko hitzaldia (maiatzak 22), habi-kutxen jarraipena eta hegaztiei eraztuna ipintzeko saioa (maiatzak 31) eta astronomia saioa (ekainak 7).

Maiatzak 22, osteguna, arratsaldeko 19.00etan Barrenan: "Euskal Herriko baso naturalak, biziaren iturri" hitzaldia.

Basoek egundoko garrantzia dute naturan, eta baita gizakiontzat ere. Gizakiak aspaldi hasi ziren basoak ustiatzen eta ia bazter guztietan antzematen da erabilera honen eragina. Nolanahi ere, Euskal Herriko basoetan oraindik aberastasun handia dago, batez ere bertako espezieez osatutako baso helduetan. Zuhaitz zaharrak eta hildakoak ere, ezinbestekoak dira makina bat espezierentzat, eta hortaz, aniztasun biologikoaren kontserbazioan garrantzi handia dute.

Maiatzak 31, larunbata, 9.00etatik 13.00etara Oiangun: Habi-kutxen jarraipena eta hegaztiei eraztuna ipintzeko saioa.

Oiangun aurretik ipinitako habi-kutxetan txoriek habiak egin dituzten begiratuko dugu eta txorikumerik egon ezkero tokian bertan horiek ikusteko aukera izango dugu, bide batez txorikumeak eraztunduz. Habi-kutxak aztertzeaz gain, goiz berean txorien eraztuntze zientifikoa aurrera eramango da. Horretarako txoriak harrapatzeko sarea ipiniko da eta bertara eroritako txoriei eraztuna ipiniko zaie. Eraztuntze lan hauek behar beharrezkoak dira hegaztien migrazioen inguruko ikerketak egiteko garaian.

Prozesu honetan, eraztundutako txoriak gertutik ikusi eta ezagutzeko aukera izango dute bertara gerturatzen diren guztiek.

Ekainak 7, larunbata, gaueko 21.00etatik 24.00etara Oiangun: Astronomia saioa.

Saio hau astronomian interesa duen pertsona orori zuzenduta dago, honen helburua zientzia hau jendearengana gerturatzea baita. Saio honetan zehar zeruko gorputz ugari ikusi ahal izango ditugu: Ilargia, Jupiter, Marte, Saturno, izar bikoitzak, kumuluak, nebulosak eta galaxiaren bat argi kontaminazioak uzten badigu. Horrez gain, konstelazioak identifikatzen eta planetak lokalizatzen ikasiko dugu ere. Guzti hau ikusi ahal izateko beharrezko instrumentu optikoak Aranzadiko astronomoek eramango dituzte eta zerura begira gauden bitartean zeruko gorputz horien mekanika ulertzen lagunduko digute oinarrizko azalpenak emanez. ZERUKO MISTERIOAK EZAGUTZEKO AUKERA PAREGABEA.

Animatu eta parte hartu! (https://www.facebook.com/Oiangu eta https://twitter.com/Oiangu )