Uda minean, negua

Askatasun ahotsa

 

Ordiziako Memoria Historikoa Berreskuratzen taldea 1936ko Gerraren inguruko dokumentala prestatzen ari da, eta pasa den ekainaren 20, 21 eta 22an hainbat grabaketa egin ditu herrian eta Goierriko beste hainbat txokotan.

 

 

Aipatu taldeak bi urte eta erdi daramatza Espainiako Gerra Zibilak eta frankismoaren lehen urteek Ordizian izan zuten eragina aztertzen. Ikerketaren helburua da gertaera haien inguruko egia ezagutzen laguntzea eta gertaera haien biktima izan zirenak aitortzea. Horretarako, taldeak bi norabidetan bideratu du bere lana. Batetik, ikerketa historikoa egitea ­-Aranzadiren laguntzarekin- eta testigantza zuzenak jasotzea, eta informazio horrekin liburu bat argitaratzea. Bestetik, dokumental bat prestatu eta editatzea.

Hain zuzen ere, taldeak bildutako informazioan oinarrituta, Patxi Zubizarreta idazleak prestatu du dokumentalaren gidoia. Dokumentalaren grabazio eta edizioaz Arteman komunikazioa enpresa ari da arduratzen.

Dokumental horren prestaketaren ardura Artemanena izan bada ere, herritar asko izan dira modu batera zein bestera hiru egun intentsu hauetan borondatez lanean aritu direnak, antzezle eta dekorazio lanetan, besteak beste. Horiek guztiek gabe, ezinezkoa izango zen lan hau burutzea.

Memoria Historikoa Berreskuratzen taldearen asmoa da Udalarekin batera aurtengo azaroan dokumentala eta liburua prestatuta izatea eta, horiek zabaltzearekin batera, biktimen aitortzarako ekitaldi publiko bat prestatzea.