Euskal Herriak ezker abertzalea behar du

Egoera politikoa

Ez dugu harrokeriaz esaten, umiltasun eta ardura osoz baizik. Bistan da Euskal Herrian oinarrizko eskubide zibil eta politikoak zapalduta daudela, eta horien ukazioz urte luzetan bizi izan dugun egoerak askotariko sufrimendua eta eskubideen urraketa eragin duela.

Egoera horri konponbidea nola eman sinple, eta aldi berean oso zail izan dugu. Batez ere benetako borondate ez delako egon, eta horren ondorioz alderdien arteko akordio demokratikoa ezinezkoa izan delako.

Egoera honetan, ezker abertzaleak galdera hauek egin dizkio bere buruari:

1.- Zein da euskal jendarteak behar eta nahi duen etorkizuneko egoera politiko eta soziala?

2.- Zer egin dezake ezker abertzaleak eraginkortasunez panorama hori urrutiko zeruertz edo horizontetik gaur egunera ekartzeko?

Eta ezker abertzaleak eman dituen erantzunak honako hauek izan dira:

1.- Euskal jendartean eskubide guztiak errespetatuko direneko egoera politiko bat desiratzen du. Zinez, inolako bortizkeriarik gabea; gatazka politikoak modu demokratikoan konponduko direnekoa; EHak bere etorkizuna erabakitzeko eskubidea izango duenekoa; guztiok aukera berdinak izango ditugunekoa; elkarbizitza eta elkarlana, edota elkarbizitza eta konfrontazio politikoa, modu baketsuan biziko ditugunekoa…

2.- Ezker abertzaleak bat egiten du erabat euskal jendartearen desio horrekin. Horregatik, etorkizuneko egoera hori gaur egunera ekartzeko bere esku dagoen guztia egiteko konpromisoa hartu du. Hainbat alde bakarreko erabaki hartu ditu (azken hamarkadetan ezker abertzaleak hartu duen erabaki estrategiko garrantzitsuenetakoa), baina geure lana ezinbestekoa bada ere, jakitun gara abertzale eta ezkerreko alderdi, eragile eta herritarren elkarlana ere ezinbestekoa dela.

Beraz, gaur egun, borrokatzeko eta eskuratzeko dugun lehengo helburua baldintza demokratikoak bermatuko dituen egoera politiko bat da: eskubide zibil eta politikoak bermatuko dituena, ezker abertzalearen jarduna legalizatuko eta jazarriko ez duena, indarkeria guztiak desaktibatuta izango dituena, presoak etxeratzeko neurriak hartzen hasiko dena… Eta hortik aurrera, bakoitzak bere proiektu politikoak defendatu, herritarrek askatasun osoz erabaki dezaten.

Hain sinple, hain konplexu. Borrokarik gabe, eskuraezina.