Sasieta Mankomunitateak zabor-bilketa sistema desberdinak aztertzea onartu du

EH ezkerretik eraikiz

Sasieta Mankomunitateak pasa den apirilean Goierriko herrietan bosgarren edukiontzia jartzea erabaki zuela jakinarazi zuen. Egun horretan bertan, Goierriko hainbat alkate eta zinegotzik prozedurarekiko eta hartutako erabakiarekiko zituzten zalantza eta kezkak publiko egin zituzten eta handik egun batzuetara, Goierriko 7 alkatek eta 15 herritako 62 zinegotzik (Ezker Abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar, Ezker Batua eta zinegotzi zein alkate Independienteak), agerraldi baten bidez, hartutako erabakiaren inguruan zuten iritzia adierazi zuten: inongo eztabaida eta azterketarik gabe hartutako erabakia izan zen.

Guztiok jakin badakigu gure gizarteak gaur egun sortzen duen hondakin-kopurua izugarria dela eta hori berori arazo bat dela. Arazo horri eman beharreko konponbideetan, ordea, ez dugu adostasunik aurkitzen: batzuek, errauskailua proposatzen digute, gizarte-eredu berarekin jarraitu eta "erosotasuna" ez galtzeko modu bakar gisa; besteok, aldiz, hondakinen sorrera bera azpimarratzen dugu abiapuntu gisa, hau da, kontsumoa, berrerabilpena eta birziklapena ditugu oinarri. Lehen ikuspuntuak planeta fisikoki mugarik gabea bailitzan jokatzen du; bigarrenak, ordea, planetak dituen mugak kontutan hartu eta gizakion eta ingurumenaren arteko oreka du helmuga, oreka hori gabe gizakiok ezingo baitiogu, ez bizi-kalitate egoki bati eutsi, ez bizitzari berari ere eutsi. Lehen ikuspuntuak, pilulak bailiran kentzen dizkio gaixoari etengabe pairatzen dituen burukominak; bigarrenak, aldiz, gaixoak duen arazoa zein den jakin, aztertu eta epe luzeko konponbidea eman nahi dio.

Horixe izan zen Goierriko hainbat alkate eta zinegotzik Sasieta Mankomunitateari eskatu ziotena: hondakinen arazoaren aurrean, ingurumena eta gizakion osasuna kontutan hartuko dituen hondakinak biltzeko sistema desberdinak ikertu eta Goierrin aplikatzeko aukerak aztertzea. Eta horixe da, datorren urtean Mankomunitateak egingo duena: atez ateko bilketa eta sistema mistoa aztertuko ditu, herriek, mahai gainean izango duten informazioarekin, eztabaidatu eta egokien irizten dioten sistema hautatu ahal izateko.