Ordiziatik ere Euskal Selekzioaren partida ikustera

Ordizian bertan

Euskal Herria, Euskadi, Euskal Autonomi Erkidegoa, Euskal Selekzioa… Izenak izen, tirabirak tirabira, kontua da, 2010eko abenduaren 29an Euskal Herriko futbol selekzioaren eta Venezuela-ren arteko norgehiagoka ospatu zela Bilbon. Eta nola ospatu gainera! Makina bat ordiziar San Mamesen izan ginen euskal festa bertatik bertara jarraitzeko.

Autobusa lepo bete ostean, Ordiziako arboledatik abiatu ginen Bilborantz arratsaldeko hirurak aldera, norgehiagoka baino lehenagoko giroaz gozatu eta ESAITek antolaturiko manifestazioan parte hartu asmoz. Agian 3 urte bazirelako Euskal Herriko selekzioak Gabonetako ohiko norgehiagoka jokatzen ez zuela edo, kontua da hasiera-hasieratik nabaritu genuela ohikoa baino giro beroagoa. Sekulako jendetza Bilboko parte zaharreko kaleetan barrena, denak, independentzia aldarri zuen zapi berdea lepoan. Musika eta txoznez gozatzeko aukerarik ere ez zen falta, nahiz eta horrelakoetan maiz gertatzen denez, bakarren batek bere kalterako larregi edan. Suziriak, bengalak… benetako festa ospatzeko osagai guztiak bildu ziren Bilbon.

ESAITek antolaturiko manifestazioak ere merezi du aipamen berezia. Euskal selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu zen bertan, eta San Mameserako bidea denak eskutik emanda halako jendetza ikustea polita izan zen zeharo.

San Mames zelaian venezuelatarrei merezi zuten harrera egin ostean, gaueko unerik bereziena bizi ahal izan genuen: euskal jokalariak zelaira irten ziren unea alegia. Une hunkigarria bizi izan zen San Mamesen, jokalariak ofizialtasuna irakur zitekeen pankarta eskuan, 45000 pertsona ikurrina irudikatzen zuen mosaikoa osatuz, eta independentizaren aldeko eta Patxi Lopezen aurkako oihuak Euskal Herriko zoko guztietatik entzuteko moduan. Bati baino gehiagori zer pentsatu emango zion San Mamesen jazotakoak.

Emaitza, denok dakizuen moduan, 3-1ekoa izan zen euskaldunen alde. Emaitzak baino gehiago, Iker Muniain jokalari nafarraren adierazpenek merezi dute aipamena ordea. Halaxe esan zuen txantreatar honek norgehiagoka ondorengo adierazpenetan: “lagunarteko norgehiagoka xume batean honelako giro beroa sortzen bada, ez dut imajinatu ere egin nahi txapelketa ofizial batean zer gertatuko litzatekeen”. Eta ez zaio arrazoirik falta!

Bukatzeko, euskal kirolariek euren herriaren izenean parte hartzen duten txapelketa oro lagunartekoa baino zerbait gehiago izan dadin, ezinbestekoa da urratsak ematen joatea, izan honelako ekitaldi erraldoiak, izan ekitaldi herrikoi eta xumeagoak. Ordiziarrok, beste behin ere, gure ekarpentxoa egin genuen eta etorkizunean ere, ez izan zalantzarik, euskal selekzioaren aldeko ekitaldi orotan egin egingo dugula.