Ordiziako gaztetxeak 25 urte

Gazte eta aske

Ordiziako Gaztetxeak 25 urte beteko ditu aurten eta horren harira, Gaztetxeko gazteek urte osorako hainbat eta hainbat ekimen antolatu dituzte. Ekimen horien artean azpimarratzekoak da aurki plazaratuko duten CDa. Diskoan Goierriko 45 taldek parte hartu dute, tartean Bidea egiten urteurreneko abestia egin duen Laket taldeak. Aitor Sarriegi bertsolari beasaindarrak idatzitako hitzekin egindako kanta eta bideokliparen making off-a interneten daude ikusgai, Youtuben.

 

Hona hemen urtarrilaren 4an eman zuten prentsaurrekoan esandakoak:

25.ena eta azkena ez den urtemuga honi hasiera emateko gogotsu aurkitzen gara ordiziarrak. Gure herria alaitzeko asmoz, aurrerantzean ere,  Asanblada eta Autogestioaren bidetik jarraitzeko asmoa dugu. Gure indar eta ilusioz, milaka gauza egin eta milaka bihotz pozteko gai garela erakutsi dugu, erakusten dihardugu eta erakutsiko dugu.

25 urte hauetan, guztion presentzia eta parte-hartzea beharrezkoak izan direla goraipatu nahi dugu eta osterantzean ere horrela izaten jarraitzea espero dugu. Mila esker izan zaretenoi, garenoi eta izango zaretenoi!

Ezin ahaztu dezakegu, urte hauetan guztietan egunero Gaztetxean lanean bagabiltza, mundu indibidualizatu eta kontsumista hau aldatzea posible dela ikusten dugulako dela.  Beste gizarte eredu bat lortzea posible dela pentsatzen dugu; solidarioa,  injustiziak salatuko dituena, denontzat berdina eta gurea izango dena.

Horregatik, gazteok pairatzen ditugun zapalketak salatzen jarraituko dugu; etxebizitza eskubidea zor zaigu, euskal curriculuma, prekarietatearekin amaitzea… ERRESPETUA azken finean.

Urtemuga honi hasiera eman diogu eta herriko jendeak gogo eta ilusioz ekin dio. Horregatik eta beste mila arrazoiengatik, ziur gaude ospakizun hau ez dela gurea soilik izango, herriak eta herritarrok ospatuko duguna baizik!

Gora Ordiziako Gazte Asanblada eta euskal gazteria!
Biba festa, biba protesta!!
25 urte eta hau hasiera besterik ez da!!