Urtebeteko zigorra, Ordizian AHTren aurka izandako ekimenagatik

Ordizian bertan

AHT Gelditu! Elkarlana. Durangoko gazte bati urtebeteko espetxe zigorra ezarri diote, Ordizian AHTren aurka izandako mobilizazio bat dela-eta. Istiluak gertatu ziren orduan, Ertzaintza bertan bildutakoen aurka bortizki oldartu ostean. 2008. urteko maiatzaren 25ean gertatu zen hori eta atzo egitekoa zen epaiketa.

Azkenean ez zen epaiketarik izan, aurretik gaztearen defentsak eta fiskalak akordioa erdietsi zutelako. Horren arabera, urtebeteko zigorra jaso du auzipetuak; hasieran, hiru urtekoa eskatzen zuen fiskalak, «agintaritzaren aurkako atentatua» leporatzen baitzion.

Durangoko AHT Gelditu Elkarlanak eman du horren berri. Gazteari bere sostengua agertu dio, baina «berriz ere AHTren aurkako mugimendua kriminalizatua» izan dela eta honen kideei «neurrigabeko zigorrak» ezartzen zaizkiela salatu du.