Lortu arte! akordioa aurkeztu da Goierrin

Ordizian bertan

LORTU ARTE du izena Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak sinatu duten akordio estrategikoak. Izena bera esanguratsua da oso, hitz horien baitan biltzen baitira akordioaren gakoetako batzuk.

 

LORTU. Lortzea, eskuratzea, egitea, eraikitzea… Horixe da akordioaren azken helburua. Irabazteko asmoz egindako akordioa da, abertzaleon lanaren eta borrokaren helburua ezin baita izan ez irautea, ez erasoei erantzute hutsa, ezta abertzaleok sakabanatuta jardutea ere. Izan ere, Euskal Herriarentzako egitasmo abertzaleak esparru jakinetan urteetan egindako lana bildu eta norabide estrategiko bakarrean bideratzeko beharra du.  

ARTE. Akordioaren balioa ez da epe motzekoa. Ez dio erantzuten momentu jakin bateko egoerari. Are gehiago, epe ertain eta luzeari begira aro berri bat ireki nahi du, bai gatazkaren konponbideari dagokionean, baita nazio eraikuntzari dagokionean ere. Izenak dioen bezala, akordioa estrategikoa da, eta bertan biltzen ditu abertzaleon elkarlanaren helburuak, printzipioak eta arauak. Esan nahi baita, Ezker Abertzaleak eta Eusko Alkartasunak beren jardun politikoa gidatuko dutela akordioan jasotzen diren konpromisoen arabera.

 

ORDIZIAN LORTU ARTE

Akordioak lortzekoa marrazten du hainbat arlotan, esparru instituzionalean, gatazka politikoaren konponbidean eta gizarte ereduan (demokrazia parte hartzailea, gizarte justizia, hezkuntza eta euskara, garapen iraunkorra eta lurralde antolaketa…). Lortzeko horiek, ordea, posible egiteko zehaztu eta tresnak jarri behar dira. Horrexegatik, Euskal Herriko Lortu Artek eskatzen du Gipuzkoako Lortu Arte izatea, eta Goierriko Lortu Arte izatea, eta Ordiziako Lortu Arte izatea.

Norabide horretan, hilaren 21ean Goierrin Lortu Arte akordioa aurkeztu zen, Beasaingo zine aretoan. Garrantzia estrategiko handiko akordioa da ezker abertzalearentzat bezalaxe Euskal Herri osoarentzat, eta gure herrietan ere eragina izango du hurrengo hilabete eta urtetan. Ordiziako Ezker Abertzaleak eta EAk ere konpromiso irmoa dugu Akordio estrategikoarekin, eta elkarlanean ari gara Ordizian ere aldaketa posible izan dadin. Hainbat hausnarketa eta ekimen ari gara egiten elkarrekin, eta egon seguru hurrengo hilabeteotan ere elkarlanak emango dituela fruituak. Konpartitzen ditugun hainbat eta hainbat puntu daude bai Udalari eta haren funtzionamenduari dagokionean, baita herrigintzari eta Ordiziak dituen beharrei dagokienean ere. Hurrengo asteetan horiek zehaztu eta elkarrekin jarduteko asmoa dugu.

 

LORTU ARTE AKORDIOAREN GAKOAK

Zer da Lortu Arte?

Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzalearen arteko akordioa da, beraz, tradizio eta jarduera ezberdinetatik datozen bi indarrena. Baina biek bat egiten dute oinarrizko zenbait hausnarketatan:

  • Euskal gizartearen gehiengoaren behar eta nahiak bideratu ahal izateko, euskal herritar independente, aurrerakoi eta ezkertiarren indarrak bildu behar dira.
  • Euskal Herria nazio ukatua da, autodeterminazio eskubidea aitortzen ez zaiona.
  • Estatutuaren markoa agortua dago eta Euskal Estatua sortzea ahalbideratuko duen egitura berri bat lortu behar dugu.
  • Herri honek aldaketa politiko eta soziala behar du.
  • Premiazkoa da status demokratiko bat sendotzea, eta ezinbestekoa herritarren borondate askea errespetatzea.

Zergatik Eusko Alkartasuna eta Ezker Abertzalearen artean?

Bi alderdiok hainbatetan jarrera kontrajarriak izan dituzte, beste batzuetan elkarlanean ere jardun dira (Nazio Eztabaidagunean, esaterako). Eta egun ere baliteke ez etortzea bat hainbat ikusmolde zehatzetan. Baina biek agertu dute borondate osoa akordioak jasotzen duena muturreraino eramateko. Alde biko akordioa izanda ere, bertan jasotzen diren konpromiso eta helburuak betetzeko harremanak eta akordioak bultzatuko dira Euskal Estatua osatu nahi dutenekin, Autodeterminazioa bultzatzen dutenekin eta indar aurrerakoiekin.

Zeintzuk dira Akordioaren funtsa eta esparrua?

Irekitzen ari den aro politiko berrian, tresna taktiko-estrategikoa da independentziaren aldeko esparru aurrerakoiak batzeko. Dimentsio instituzional, kultural, ekonomiko eta soziala du, eta bere helburu orokorra da gure herria libre izatea, bakean bizitzea, eta justizia sozialean zein gizon-emakumeen arteko parekidetasunean oinarritutako gizarte-eredu berria eraikitzea. Aplikazio esparrua Euskal Herria osatzen duten lurralde guztiek osatzen dute.

Zein eragin izango du Akordioak eremu instituzionalean?

Akordioak eremu instituzionalean bi helburu nagusi ditu. Bata, Euskal Estatuaren sorrera, hori baita Euskal Herriaren geroa bermatzeko modu bakarra, menpekotasun eta inposizioetatik askatuz. Bigarrena, euskal lurralde guztientzat egitura juridiko-politiko berriak artikulatzea, egun daudenak gaindituz. Izan ere, subjektu nazional gisa garatzeko, autodeterminazio eskubidea gauzatuta, marko juridiko-politiko berria behar dugu euskal erakundeei ekonomia, gizarte,kultura zein hizkuntza gaietan eskumenak eta ahalmenak emango dizkiena.

Eta gatazka politikoaren konponbidean?

Akordioaren sinatzaileen premiazko xedea gatazka gainditzea da. Gatazkaren muinean euskal herritarrak beren buruaren jabe izateko egiturazko eragozpena dago, eta gatazkak indarkeria eta askotariko sufrimendua eragin du. Bi alderdiek ezaugarritzat sakontze demokratikoa duen prozesu bat bultzatzeko konpromisoa hartzen dute. Prozesu horrek eragile guztien arteko elkarrizketa, negoziazio eta akordioetan oinarritu behar du; Euskal Herriaren osotasunean proiektu politiko guztien garapen demokratikoari ateak ireki behar dizkio eta giza eskubide guztien defentsarekiko eta soilik bide politiko eta demokratikoen erabilerarekiko konpromisoa izan behar du. Hitz gutxitan adierazteko sinatzaileek bere egiten dutela oso-osorik Gernikako akordioa, Bake bidean aterabide demokratikoen akordioa.

Jendarte eredu berriaren bidean, zein ardatz estrategiko ditu Akordioak?

Nazio eraikuntzaren eta eredu sozial alternatibo baten garapenari begira, akordioak konpromisoa jasotzen du honako ardatz estrategikoak garatzeko eta beste akordio batzuetan modu zehatzagoan lantzeko. Honako hauek dira ardatz estrategikoak: demokrazia parte hartzailea, gizarte justizia, garapen iraunkorra eta lurralde antolaketa, parekotasuna, euskara, hezkuntza, osasuna eta naziotasuna eta hiritartasuna.

Eta Akordioaren ondoren, zer?

Akordioaren bi sinatzaileek konpromisoa hartu dute elkarlanean jarduteko autodeterminazio eskubidea defendatzen dutenekin, gaur egungo ezarpen eta ukapen egoera gainditzeko eta indarrak biltzeko, honela egoera berrietarako bidean eraginkorragoak izateko. Konpromiso horretatik abiatuta, ekimen berriak burutuko dira Akordioan jasotzen diren ardatzak garatu eta zehazteko bidean. Horixe egin da, esaterako, “Euskal Herria ezkerretik” eta Gipuzkoan “Ezkerreko paktu fiskala” aurkeztuz eta sinatuz Alternatibarekin batera. Era berean, bi alderdiek beharrezkotzat jotzen dute indar-metaketa hori eta akordio honetan finkatutako helburuen garapena ahalbidetuko duten hauteskunde-arloko formulak bultzatzea.