Badator Korrika!

Ordizian bertan

Aurten Korrikaz gozatzeko aukera izango dugu berriz ere. 2011ko apirilaren 7an Trebiñutik abiatuko da Korrika 17, apirilaren 17an Donostiara heltzeko. ORDIZIAn asteartean, otsailaren 1ean, arratsaldeko 18:00etan, Barrena Kultur Etxeko 7. gelan aurkeztuko da 17. Korrika.

Parte hartzeko moduak askotarikoak eta anitzak dira. Azaldu!

Bertan Korrika 17ren nondik norakoak eta gure herrian egingo direnak ezagutzeko aukera izango duzu, eta horrela  nahi izanez gero, herrirako bestelako ekitaldiak proposatzekoa ere. Horrez gain, herrian egin beharreko lanak zerrendatu eta banatuko ditugu. Jakin badakigu denok ez ditugula aukera berdinak gure ekarpenak egiteko, eta horregatik, hain zuzen ere, konpromisorik gabe etor zaitezen eskatzen dizugu. Bertan entzundakoaren arabera erabakiko duzu, gero, zeure ekarpena zein izan daitekeen; eta inolako aukerarik izango ez bazenu ere, Korrika geure herrian izango dena ezagutu eta zabal dezazun da gure nahia.

Korrikak hasiera-hasieratik aldarrikatu duen legez, Korrikaren helburuak bete daitezen guztion ekarpena eta ahalegina dira beharrezko. Denon parte hartzeaz lortuko dugu Euskal Herri euskalduna eta guztion esku eta oinei esker eraman ahal izango dugu euskararen lekukoa Trebiñutik Donostiaraino. Ahalegin horretan zeure laguntza estimagarria izango dugulakoan, beste barik, hurrengo asteartera arte.