Jarri gara martxan!

Ordizian bertan

Esan ohi da informazioaren gizartean bizi garela. Baina halakoa izan liteke gaur egun herritarrok bizi dugun informazio bonbardaketa, ze kontrako efektua ere lortzen baita, alegia, herritar desinformatuak izatea, modu akritiko batean jasotzen dutenak informazioa. Batetik, komunikabide kate handiek informazioa kontrolatu eta manipulatu egiten dutelako, eta bestetik, erakundeetatik jasotzen dugun informazioa askotan erakunde horien, edota erakunde horiek kudeatzen dituzten alderdien propaganda baino ez delako izaten.

 

Ezkerreko mugimendu, alderdi edo eragileentzat beti izan du lehentasuna herritarrei informazioa eskaintzeak eta herritarrengandik informazioa jasotzeak, eta unean unean eskura izan dituen baliabideak erabili izan ditu, beti ere lehentasunezkoa izanik harreman zuzena jendearekin kalean, lantokietan, ikastetxeetan…

Ordiziako ezker abertzalearentzat ere informazioa eskaintzea oso garrantzitsua da herritarrek izan dezaten informazio oso eta alternatiboa, eta ezagut dezaten geure iritzi eta proposamenak. Eta informazioa jasotzea garrantzitsua da, horrela bakarrik izan dezakegulako herritarren kezka, behar eta eskaeren berri.  Are gehiago kontuan izanda maiz gure ahotsa eta gure proposamenak komunikabideetan baztertuak izan direla. Horregatik proiektu komunikatibo berri bat jarri du martxan, egun eskura ditugun baliabide berriak erabiltzen. Web orri eta sare sozialen bidez herritarrekin dugun harremana sakondu nahi dugu, jabetzen baikara teknologia berriek zein aukera eskaintzen duten. Baina edozein kasutan, azpimarratu nahi dugu tresna hauen bidez ez dugula inolaz ere ordezkatuko herritarrekin dugun hartu eman zuzena. Horregatik, web orriarekin batera, herritarrekin harreman zuzena izateko harreman sarea ere antolatzen ari gara.

Web-orriko zenbait atal

  • Albisteak: bereziki gure herriarekin lotutako albisteak jorratuko ditugu ikuspuntu kritikotik. Halaber, ezker abertzalearen asmo eta proiektuak zabalduko ditugu.
  • Ikus-entzunezkoak: argazki eta bideoek atal berezia izango dute gure web-orrian.
  • Aldizkaria: web-orriak paperezko aldizkaria izan duenez abiapuntu eta inspirazio-iturri, bertan kontsultatu ahal izango ditugu paperezko hainbat edizio.


Herritarron parte-hartze zuzena


Ordiziarrok proiektu honetan parte hartzeko hamaika bide izango ditugu eta norbanakoaren ekarpena ezinbestekoa izango da guztion artean lan txukuna egin nahi badugu:

  • Iritziak: ordiziarrok gure gogoetak plazaratzeko beste leku bat izango dugu hemen, "iritziak" atal berezian.
  • Herritarren salaketa: askotan irudi batek mila hitzek baino gehiago esaten digute. Hartu argazkia eta idatzi web-orrira salaketa eginez! (argazkirik gabe ere salaketaren berri emango da, noski!).
  • Inkesta: ordiziarron iritzia jasotzeko beste modu arin bat. Eta zuk, zer diozu aste honetako galderari buruz?

Horretarako guztirako eta baita beste hamaika gauzatarako ere, jar zaitez gurekin harremanetan helbide elektroniko honetan: Helbide elektroniko honek spam bot-en kontrako babesa du. Ikusteko Javascript-a aktibatu behar duzu